partekatu
• EUSKARA-BEKAK
Bost diru-laguntza lerro onetsi ditu euskara-sailak
Euskara Sailak 2024rako dirulaguntza lerroak onartu ditu. Guztira bost diru-laguntza lerro aurkeztu ditu eta horietarako, 80.460 euro daude onetsita.
Euskara Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordoki jaunak 2024 urtean euskara-sailak egin duen diru-laguntza deialdia aurkeztu du. Guztira bost diru-laguntza lerro aurkeztu ditu eta horietarako, 80.460€ daude onetsita.
Deialdi bakoitzaren baldintzen eta eskaera-orrien berri nahi duen orok Udalaren webean du informazio guztia edo bestela Euskara-zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan, telefonoz (943376184) edo emailez ( euskara@lasarte-oria.eus )
Euskara ikasleek bekak eskatzeko aukera (70.000 euro)
2023-24 ikasturtean euskara ikasten ari diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete Udaletik. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera.
Udalak onetsita duen irizpideari jarraituz, Euskara Batzordeak %85a arteko bekak eskainiko ditu. Beka jasotzeko, Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta egindako ikastaroan gutxienez % 85eko asistentzia bete behar da. Diruz lagunduko diren ikastaroak hauek dira: euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa, gutxienez 80 ordukoa (autoikaskuntzakoak ere bai), barnetegia, gutxienez hilabete segidan baldin bada, eta, udako ikastaroak, ikasturtean zehar aurreko ikastaro-mota horietako bat egin duten ikasleen kasuan.
Unibertsitateetako udako ikastaroak (440 euro)
Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuak direnek, berriz, aurtengo udan unibertsitate bateko uda-ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu, egoitza, garraio eta antzerako gastuak ez ditu estaliko.
Kasu honetan ere, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
Aisiako begirale eta zuzendariak (1.360 euro)
Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatzen duten herritarrek, matrikularen % 50 arteko (250€ gehienezko kopurura arte) beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.
Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 €koa izango da.
Batzuen zein besteen kasuan, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
Gidabaimenaren atala teorikoa (800 euro)
2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu dutenek hartuko dute parte Buruntzaldean zozketatuko diren 10 sarietan. Lasarte-Oriak bi sari emango du, baimen teorikoaren matrikularen balio bera izango dutenak, gehienez 400€. Zozketako 2025eko urtarrilean egingo da.
Enpresetako eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko diru-laguntzak (7.900 euro)
Laguntza-gaiak hauek izango dira: errotuluak (nagusia eta bestelakoak), kostuaren %50 (300€ gehienez); irudi korporatiboa, kostuaren %50 (200 € gehienez); web-orriak, kostuaren %50 (gehienez 450€); enpresan euskararen erabilera normalizatzen lagun dezaketen programa informatikoak, kostuaren %50 (gehienez 200€) eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa, kostuaren %50 (gehienez 300€).
Aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko dira eta eskaerak ere epe horretan zehar egin ahal izango dira, beranduenez urriaren 31n.