partekatu
• MUGIKORTASUN ASTEA
Ekintza ugari irailaren 21etik aurrera Mugikortasun astearen barruan
Astearen helburua: hiriko mugikortasunean iraunkortasuneranzko aldaketa sustatzea. Doako autobusa, mugikortasun osasungarri eta jasangarria, jolasak, bizikleta martxak, ibilaldi nordikoa, bizikleten merkatua… jarduera ugarien artean.
Agustin Valdivia alkatearekin batera, Itziar Gurrutxaga Ingurumeneko teknikaria eta Eli Gondat Artelatzeko enpresa esleipenduna izan ziren. Valdiviak nabarmendu zuenez, aste hau Udalaren Mugikortasun Iraunkorreko Plana garatzen ari garen une honetan egiten ari gara, eta gure herriko mugikortasunaren etorkizuna definitzen ari gara.
Mugikortasunaren Europako Astea da Europako Batzordeak hiri-mugikortasun iraunkorrari buruz egiten duen sentsibilizazio-kanpaina nagusia. Mugikortasun aktiboaren, garraio publikoaren eta beste garraio-irtenbide garbi eta adimentsu batzuen aldeko jokabide-aldaketa sustatzen du.
Ekitaldi nagusia irailaren 16tik 24ra egiten da urtero eta Automobilik Gabeko Eguna ospatzen da. Aurtengo MUGIKORTASUN ASTE EUROPARRAREN gaia “Mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua” da eta lema: Zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian.
Urtero legez, Lasarte-Oriako udalak egitarau berezia antolatu du ekitaldi honen inguruan. Irailaren 21ean izango da lehena, goizeko 10:30ean Kontzeju txiki plazan: nagusien parkeko makinak erabiltzeko aholkularitza eskainiko du teknikari batek. Kiroldegitik antolaturiko saioa da hau.
Irailaren 22an, asteazkenarekin, Muittu mantangorri hiribusa dohainik izango da egun guztian zehar.
Irailaren 24ean izango dira ekintza gehienak, eta ez gutxi gainera! Lehenik eta behin, bi bizikleta martxa egingo dira herrian zehar, lehena 15:45ean txikienentzat eta 16:15ean bigarrena, luzeagoa, gainerakoentzat.
Jarraian, 17:00etatik 19:30 bitartean, Kale Nagusia 1-32 zenbakien artean autoen zirkulaziorako itxi egingo dela probestuz, askotariko ekintzak antolatuko dira bertan: bizikleta jolasak eta zirkuituak, aisialdiko jolasak… Mus txapelketa irekia ere antolatuko da Arrieskalleta elkartearen laguntzaz.
18:00etatik aurrera Ipar-martxa saioa izango da leku berean, Ostadar taldearen eskutik, interesa duen herritar orok parte hartzeko aukerarekin.
Bestalde, udal-liburutegiarekin elkarlanean, irakurketarako txoko bat egokituko dugu kalean, Okendo plazan.
Arratsalde osoan zehar, Okendo plazan zabalduko den informazio puntuan, mugikortasuna eta teknologia berrien inguruko informazioa eskainiko zaiei herritarrei: Lasarte-Oria inguruan dauden hainbat ibilbide telefonora deskargatzeko aukera, mugikortasunarekin lotutako beste hainbat aplikazio… Norberaren mugikortasun ohiturek eragiten duten karbono aztarna ere kalkulatuko da.
Egun berean eta ohikoa den bezala, Okendo plazan, bizikleten bigarren eskuko merkatua egingo da 16:30etik 20:00etara. Erabilita eta egoera onean dauden bizikleta eta patineteak saltzeko eta erosteko aukera paregabea izango da, gordailu-sistema erabiliz. Bizikleta edo patinetea saldu nahi dutenek, aurrez 943 670249 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko; horrela, hitzordua emango zaie egun berean bizikletak eramateko eta bete beharreko fitxa bidaliko zaie. Urtez urte arrakasta handia duen ekintza honen bitartez, berrerabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzen dira aldi berean.
Programak 11.035 euroko kostua du.
Deskargatu programa