partekatu
• ZUZKIDURA-BIZITOKIAK
Etxebizitza Sailak eta Lasarte-Oriako Udalak alokairuko 80 zuzkidura-bizitoki eraikitzea adostu dute
Sustapen berria Maialen Chourraut kiroldegiak libre utzitako gunean kokatuko da, kiroldegia birkokatu ondoren. Etxebizitza Sailak hamaika milioi euro baino gehiago bideratuko ditu apartamentu horiek sortzera.
Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Gipuzkoako udalerri horretan egingo duen esku-hartze berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte ostegun honetan. Alokairuko 80 zuzkidura-bizitokirarte eraikiko dira. Apartamentu horien ezaugarriak direla eta, bereziki egokiak dira emantzipazio-prozesuan sartuta dauden gazteak hartzeko, baina baita etxebizitzaren beharra duten beste kolektibo batzuk hartzeko ere.
Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko erregistratutako eskaeraren aurrean –752 pertsona, eta, haietatik, % 66 alokairu-erregimenean–, bi erakundeek Maialen Chourraut kiroldegiak libre utziko duen gunean bizitokien eraikinak eraikitzeko prozesua jarri dute abian. Bizitokiak Michelingo kirol-eremuan instalazio berriak (kiroldegia) eraiki ondoren kirol-ekipamendua erabiltzeari uzten zaionean eraikiko dira.
Alokairu-erregimeneko zuzkidura-bizitokien formula ekipamenduetarako lurzoruetan erabili ohi da, hala nola Lasarte-Oriakoan, eta hasiera batean beste erabilera batzuetarako ziren espazioei bizitegi-erabilera ematea ahalbidetzen du. Txandakako apartamentuak dira –gehienez ere bost urtez bizi daiteke apartamentu horietan, gehienez ere esleipendunaren diru-sarreren % 30ekoa izango den hileko kanon bat ordaintzearen truke–, eta, dituzten ezaugarriak direla eta, bereziki egokiak dira gazteentzat. Ildo horretan, bizitokien gutxienez % 40 gazteentzat erreserbatuta egongo dira esleipen-prozedura hasten denean. Prozesu horretan, beharrezkoa izango da Etxebiden inskribatuta egotea, eta udalerrian erroldatuta dauden pertsonek lehentasuna izango dute bizitokiak eskuratzeko.
Hitzarmenak ezartzen duenez, Lasarte-Oriako Udalak doan lagako dio Etxebizitza Sailari 3.069 m2-ko kirol-ekipamenduko partzela hori, egungo udal-kiroldegia martxan ez dagoenean. Etxebizitza Saila arduratuko da plan berezia idazteaz, beharrezkoak diren proiektuak lantzeaz, antzinako kiroldegia eraisteaz eta eraikuntza-obrak egikaritzeaz. Etxebizitzak eta haiei atxikitako garajeak eraiki ondoren geratzen diren beheko solairuko, lehen solairuko edo erdisotoko lokalak Udalari lagako zaizkio doan, erabil ditzan. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoaren arabera, 11 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du sustapen berri horretarako.
Udalerriko alkate Agustín Valdiviak azaldu duenez, “gazteei emantzipatzen laguntzeko konpromiso politikoa bete nahi da. Udalak badaki zailtasun handiak daudela etxebizitza bat eskuratzeko, batez ere gazteen kasuan”. Valdiviak gogorarazi duenez, “eragiketa honen bidez, lasarteoriatar askorentzat lehen etxebizitza izango diren apartamentu horiek (eta aparkalekuak) sortzeaz gain, beheko solairuaren lagapenari esker ekipamendu berriak sortzea edo beste zerbitzu batzuk lekualdatzea ahalbidetuko da”. Ekipamendu berri horrekin, zerbitzu-eremu handia sortuko litzateke egungo Joakina-Enea Haurreskolatik Loidi-Barren pilotalekuraino.
Zehazki, beheko solairura egungo haurtzaindegi publikoa eraman liteke, gune zabalagoa eta oztopo arkitektonikorik gabea baita. Halaber, Emakumearen Etxe handi bat sor liteke, lasarteoriatarrak elkartzeko eta sozializatzeko gune gisa. Azkenik, Udaltzaingoa eraikin berrira lekualdatzea aurreikusi da.
Bestalde, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainek azpimarratu duenez, "Lasarte-Oriak hartzen dituen sustapenak herritarrek alokairuko etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko dituzten beharrei erantzungo dien parke publikoa eraikitzeko garaian bultzatzen ari garen lan-ildo nagusiei lotuta daude; alde batetik, erabiltzen ez diren hiri-espazioak berrerabiltzea, eta, bestetik, arkitekturaren arloan berritzea, egungo gizartearen baldintzetara egokituko diren etxeak sortzeko". Izan ere, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Etxebizitzaren arloaren bitartez, ehun bat etxebizitza produktiboren sustapena bultzatzen ari da gaur egun Lasarte-Oriako udalerrian, eta horren plan berezia izapidetzen ari da. Sustapen horrek arkitekturako profesional gazteei zuzenduta dagoen eta etxebizitzaren arloko behar berrien aurrean irtenbide berritzaileak bilatzen dituen Europan izeneko nazioarteko lehiaketan parte hartu du.
Era berean, Lurralde Plangintzaren arloan, Basaundi auzoko hiri-berroneratze integraleko proiektua lantzen ari da, bizitegi-eraikinak birgaitzearen eta irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetzearen bidez eta 180 erabiltzailerentzako (auzoko etxe eta saltokientzako) 266 eguzki-plaka izango dituen instalazio bat eraikitzearen bidez. Gainera, udalerriko energia-autokontsumoko komunitate handi baten –Lasarte-Oriako TEK izenekoaren– hazia izango da.
Arrazoizko alokairuko etxebizitzen parke publikoari dagokionez, partikularrek Bizigune programaren bidez hileko kanon baten truke arrazoizko prezio batean alokairuan jartzeko laga dituzten 44 etxebizitza kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzak Alokabideren bidez. Etxebizitza horietako 16 Udalak berak laga ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal batek Biziguneri egindako lagapenik handiena da. Halaber, 49 etxebizitzako parke propioa du, eta, alokairuaren merkatu libreko errenta ordaintzeko eta, era horretan, emantzipazioa errazteko Gaztelagun programa hasi zenetik, 74 gazte izan dira onuradunak.