partekatu
• KLIMA ETA ENERGIA PLANA
Lasarte-Oriak klima eta energiaren tokiko plana aurkeztuko die herritarrei
Planak, herritarren parte-hartzea ere izan du, eta datorren astelehenean, irailak 19, aurkeztuko da Mercero Aretoan, 18:00etan, eta Lasarte-Oriako herritarrei aurkezpenera joateko gonbita egiten zaie.
2022. urtean zehar, Lasarte-Oriako Udalak Klima eta Energia Plan bat landu du, Udalsarea 2030-ek proposatutako metodologiari jarraituz, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ikuspegi komun bat garatzea helburu duena.
Arintzeari dagokionez, 2030-erako berotegi-efektuko gasen emisioak % 55 murriztea du helburu udalak, horrela, Europako Alkatetza Itunaren helburuekin bat eginez. Gainera, energia-kontsumoa % 35 murriztu nahi du ere, eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna % 32 handitu, kontsumo elektriko eta termikoari dagokionez, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen baldintzak betez.
Planak sektore guztiei zuzendutako neurriak proposatzen ditu, baita Udalari berari zuzendutakoak ere; besteak beste, eraikinen eta argiteria publikoaren energia aurreztea eta udal-ekipamenduetan energia berriztagarriak instalatzea.
Klima-aldaketara egokitzeari dagokionez, klima-mehatxu nagusiei erantzuna emateko eta aurrea hartzeko neurriak proposatzen dira, hala nola tenperaturen igoera edo prezipitazio handien aurreko eta lurraldearen klima-aldaketarekiko erresilientzia sustatuz.
Plana burutzeko, Lasarte-Oriako Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat jaso du, garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei zuzendua, Donostiako ADOS Sostenibilidad y Clima aholkularitza-enpresaren eta Kataluniako INERGY enpresaren laguntza teknikoarekin.