Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   MENDI-FESTA

Mendi Festaren IV. edizioa

Igande honetan, irailak 25, Mendi Festaren IV. edizioa egingo da, mendiaz gozatu ahal izateko ibilaldi labur batekin eta beste luze batekin.

1. argazkia

Agustin Valdivia alkateak, Txus Alonso kiroletako zinegotziarekin batera, eta Javi Olazagoitia, Juan Luis de la Mata eta Marc Bages Lasarte-Oria Trail Elkarteko kideek datorren igandean (irailaren 25ean) egingo den Mendi Festaren IV. edizioa aurkeztu zuten.

Edizio honek probaren antolatzaileei balioko die jakiteko ea Mendi Festa zer egoeratan dagoen horrelako mendi-hitzorduen barruan, kontuan izanda pandemiarengatik normaltasuna iritsi ondoren gaur egun asteburuetan zenbat mendi-proba dauden.

Aurten, gainera, zenbait berrikuntza daude. Inskripzioen kopurua 500etik 400era jaitsi da, antolaketako eta kudeaketako arrazoiengatik. Horri esker, mendian izango duen inpaktua ere txikiagoa da.

Bestalde, iaz 3 ibilaldi izan ziren, laburra, luzea eta Tippi Tappa, haur eta familiekin egitekoa; aurten, berriz, San Pedro jaiak baino lehen egin zen familientzako proba, eta, horrela, Mendi Festaren programatik kendu egin da. Beraz, aurtengo probak honako hauek izango dira:

Ibilaldi laburra: 13,5 km-ko luzerarekin eta 610 m-ko desnibel positiboarekin, Andatza mendira igoko dira (562 m). Antolatzaileen arabera, edozein pertsonak egin dezakeen pasiera da, egoera fisiko ona izan beharrik gabe. Ordutegia: 9:00 - 15:00.

Ibilbide luzea: 30 km-ko luzearekin eta 2.000 m-ko desnibel positibokoarekin, ibilbideak Buruntza (441 m), Adarra (811 m), Zorrotzarri (412 m), Onddi (540 m) eta Santa Barbara (169 m) tontorretan barrena eramango ditu parte-hartzaileak.

Probaren antolatzaileek berek proba gogor gisa kalifikatzen dute, forma fisiko ona eta mendian esperientzia duten pertsonei zuzendua. Ordutegia: 7:00 - 15:00.

Bi proba horietako edozeinetan izena emateko, inskripzioa irailaren 23ko 23:59ak baino lehen egin behar da https://www.lasarteoriatrail.com web orriaren bidez.

Prezioa 16 eurokoa da federatuentzat eta 18 eurokoa gainerakoentzat.

Antolatzaileek azaldu zutenez, prezio-diferentzia horren arrazoia da federatuta dagoenak jadanik pagatua duela aseguru bat, eta ez lukeela zentzurik izango probaz gozatzeko berriro ordaintzeak.

Dortsalen banaketa proba hasi baino ordu erdi lehenago egingo da.

Elkartekoek nabarmendu nahi izan zuten boluntarioen lana garrantzizkoa dela proba hauek antolatu ahal izateko. Haiek gabe, hau ez litzateke posible izango, zioten. Horregatik, boluntario gisa parte hartu nahi duen edonor Lasarte-Oria Trailekin harremanetan jar daiteke 623 030 373 telefonoan.

Proba amaitutakoan, urtero bezala, Lasarte-Oriako Udaleko "Tratu on bat" markako poltsa banatuko da, kolaboratzaileen hainbat produkturekin eta edizio honen kamisetarekin. Berritasun gisa, parte-hartzaileei diploma bana emango zaie, ibilaldia egin dutela ziurtatzen duena.

Txus Alonsok eskerrak eman zizkion Elkarteari, proba aurrera ateratzeko egindako ahalegin guztiarengatik, eta horrek dakarren eta ikusten ez den lan guztia nabarmendu zuen, bai eta boluntarioen garrantzia ere.