partekatu
• MERKATARITZA
“Merkataritzarik gabe, herririk ez” Aterpearen sentsibilizazio-kanpaina berriaren lema
Aterpea merkatari eta ostalarien elkarteak herriko merkataritzaren eta establezimendu txikien aldeko kanpaina berria aurkeztu du. Kanpaina irailaren 18ra arte egingo da.
Aterpea elkarteko lehendakariak, Ramon Ormazabalek, sozioekonomiako zinegotzia, udaleko ordezkariak eta elkarteko kideak lagun zituela, dagoeneko hasita dagoen kanpaina berria aurkeztu zuen. Lasarte-Oriako herritarrak herriko merkataritza eta establezimendu txikiak bizirik mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzea da kanpainaren helburua.
Merkataritzarik gabe, herririk ez lemapean, Aterpeak hurbileko merkataritzaren eta ostalaritzaren beharraz sentsibilizatu nahi du, eta, fatalismoan errori gabe, merkataritza dagoen tokian bizitza dagoela adierazi zuen.
Kanpainari hasiera emateko, merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimendu guztiei gutun bana eta liburuxka bana bidali zaie, kanpainaz informatzeko eta egingo diren jardueren berri emateko.
Lasarte-Oriako etxe guztietara ere banatuko da kanpainaren liburuxka. Irailaren 18an amaituko dira jarduerak, eta egun horretan liburuxka eta herriko merkataritzari buruzko mezuak dituzten piruleta batzuk banatuko dira kalez kale. Horrez gain, auto bat ibiliko da egun horretan Lasarte-Orian barrena, megafonia bidez kanpainari buruzko mezuak emitituz.
Ormazabalek azpimarratu zuen tokian tokiko merkataritzak dudarik gabeko onurak dakarzkiola herriari, hala nola aberastasuna eta enplegua. Gainera, harreman sozialak sustatzen ditu. Herriko merkataritzak ilusioa sortzen du, esperientzia-iturri da, eta bezeroei pertsonalki aholkatzen die beren beharrei buruz.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala