partekatu
• ADINKIDE
Adinkideren festibala: bakardadean dauden pertsonekin egiten duten lana ezagutzeko egokiera.
Alboka abesbatzak, Lasarte-Oriako danborradak eta Getariako musika-bandak parte hartuko dute Adinkideren festibalean, non boluntariotzako elkarteak bakardadean dauden pertsonekin egiten duten lana ezagutaraziko baitu.
Jesus Zaballos alkateak, Adinkideren eta Lasarte-Oriako danborradaren ordezkariekin batera, larunbatean, hilak 30, arratsaldeko 19:00etan Kulturetxeko auditorioan egingo den festibala aurkeztu zuen. Sarrerak 2 € kostako dira, eta txarteldegian erosi ahalko dira, ostegunean eta ostiraletan 18:00etatik 19:00etara eta larunbatean 17:00etatik aurrera. Bildutako dirua festibalaren gastuak ordaintzeko erabiliko da, eta soberakina Adinkideri emango zaio.
Leire Garcíak, Adinkideren ordezkariak, adierazi zuen pozgarria zaiola elkarteak egiten duen lana festibal batean ezagutzera eman ahal izatea, eta eskerrak eman zizkion udalari proiektuarekin elkarlanean aritzeko agertutako prestasun erabatekoagatik. Garcíak bakardadean bizi diren pertsonei etxera laguntzeko zerbitzu gisa definitu zuen Adinkideren lan nagusia. Pertsona boluntarioek pertsona horiei astean bi orduz laguntzeko konpromisoa hartzen dute, diotena entzunez edo etxetik irteten lagunduz. Zerbitzuaren erabiltzaile gehienak 65 urtetik gorakoak dira, baina ez da adina mugatzen.
Prentsaurrekoan zeuden erabiltzaile eta boluntarioek emandako testigantzen arabera, denboraren poderioz adiskidetasunezko erlazioak sortzen dira, bi pertsonak aberasten dituztenak. Haietako askok konprometitutako astean bi ordu horietatik harago doan harremana izaten bukatzen dute. Gainera, eta boluntarioen lanaren osagarri gisa, hainbat festa antolatzen dira (urtebetetzeak, Eguberriak…) erabiltzaileen sozializazioa indartzeko.
Alkateak, bestalde, gogorarazi zuen gero eta ohikoagoak direla bakarrik eta bakardadean bizi diren pertsonak dituzten etxeak, familiaren eredua aldatzen ari baita. Zaballosek argudiatu zuen bakardadea jadanik ez dela adineko jendearen kontua bakarrik, eta gogoeta egin zuen erretiroari aurre egiteko dugun prestaketa eskasari buruz. Adinkiderekin elkarlanean aritzen diren pertsonen borondatezko lana eskertu zuen, eta erabateko babesa agertu zien gizartearen ongizatea dakarten honelako ekimenei.
Ekitaldia antolatzen duen Danborradako ordezkariak, Felix Telleriak, festibalaren programa aletu zuen:
Festibalaren aurretik, Getariako musika-bandak kalejira egingo du, Kulturetxetik abiatuta Okendo plazarantz, 18:10ean. Han zenbait pieza interpretatu ondoren, Kulturetxera itzuliko da, festibalari hasiera emanez.
Lehenik eta behin, Adinkide elkarteak egiten duen lanari buruzko bideo bat proiektatuko da, eta ondoren hango ordezkari batek iruzkinduko du.
Jarraian, Alboka abesbatzak zenbait kanta eskainiko ditu, eta haren ondoren ehun urte beteak dituen Getariako musika-banda ariko da. Hark bakarka jardun ostean, bi taldeek elkarrekin eskainiko dituzte pieza batzuk.
Ekitaldiak danborradako 30 kideren emanaldiarekin jarraituko du. Amaitzeko, talde guztiek Lasarte-Oriako himnoa interpretatuko dute, banda batekin lehenbiziko aldiz egingo delarik. Bandarako moldaketak Iñigo Peñak egin ditu.
Ekitaldia luntx batekin amaituko da.
Prentsaurrekoa bukatzeko, alkateak eskerrak eman zizkien ekitaldian parte hartzen duten taldeei beren ahalegin solidarioagatik, eta gure herrian beharrezkoa denean elkarteen artean dauden sinergiak nabarmendu zituen.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala