partekatu
• AURREKONTUAK
2019ko aurrekontuetarako herritarren 3 proposamen onetsi dira
Aurrekontu partizipatiboen prozesuaren ondorioz, herritarren 3 proposamen, 350.000 euroko zenbatekoarekin, udalaren 2019ko aurrekontuan sartuko dira: haurrentzako parke bat estaltzea, oholtza mugikor bat eta 2 txosna erostea, eta sonometro bat erostea.
Lasarte-Oriako alkateak, Jesus Zaballosek, 2019ko aurrekontu partizipatiboen prozesuaren emaitza aurkeztu zuen. Zaballosek eskertu egin zuen herritarren parte-hartzea, 8 proposamen egin baitituzte 1. fasean. Aurkeztutako proposamenak honako hauek izan ziren:
1. Askatasunaren parke osoa estaltzea, Brigitarren komentuaren hormari erantsitako estruktura batekin.
2. Udalerriko haurrentzako parke bat estaltzea, zein zehaztu gabe.
3. Lasarte-Oriako aparkamendua hobetzea.
4. Haurrentzako parke bat estaltzea, Askatasunaren parkeko argiztapena hobetzea, txakurrentzako iturriak, herriko gabeziak detektatzeko pertsonala eta Michelingo jantokiaren garbiketa hobetzea.
5. Sonometro bat erostea, hura erabiltzeko langileak trebatzea, eta kanpoko enpresa baten kargura 20 neurketa egitea.
6. Lasarte-Oriako entitate kultural bati Italiara joateko bidaia ordaintzea.
7. Kale Nagusia 69-71ko aparkalekuen berrurbanizazioa.
8. Oholtza mugikor bat eta 2 txosna erostea.
Zaballosek informatu zuenez, behin 1. fasea amaituta, idazkariak, kontu-hartzaileak, hirigintzako eta zerbitzuetako buruek, kulturetxeko gerenteak eta bulego teknikoko arkitektoak osatutako batzorde tekniko bati pasatu zitzaizkion proposamenak, lehen ebaluazioa egiteko eta prozesurako ezarritako baldintzak betetzen ez zituztenak baztertzeko. Batzorde horrek erabaki zuen aurkeztutako proposamen guztiak ez zirela osatuak, baina aztertu egin behar zirela.
1. Askatasunaren parkea estaltzearena hainbat arrazoirengatik baztertu zen:
a. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eremu hori babesteko ezarritako sistemak ez du estruktura iraunkorrik onartzen.
b. Brigitarren komentuari lursailak erosteko hitzarmenak ez du baimentzen horma eta fatxadak ukitzea, eta, gainera, bista-eskubideak ematen dizkie.
c. Proposatutako estrukturak aise gaindituko luke 500.000 euroko kopurua.
2. Haurrentzako parkea estaltzearena aintzat hartu zen, mozketa pasatu baitzuen 120.000 euroko balorazioarekin. Zerbitzuen departamentuak erabakiko du zein parke estali, kontuan izanda haren lurzoruaren azpian aparkalekurik ez izatea.
3. Aparkamendua hobetzearena oso proposamen orokorra da, aurrekontuetan zehaztu ezin dena, eta baztertu egin da.
4. Haurrentzako parkea estaltzearena eta txakurrentzako iturriena aintzat hartu dira; Askatasunaren parkeko argiztapena hobetzeari ezin zaio ekin, herritarrek parte hartzeko prozesu espezifiko batean sartua baitago parkea; herrian gabeziak detektatzeko pertsonala badago lehendik ere; eta Michelingo jantokiaren garbiketa sartua dago zentroak garbitzeko kontratuan.
5. Sonometroaren erosketa eta prestakuntza aintzat hartu dira, mozketa pasatu baitute 30.000 euroko balorazioarekin.
6. Herriko talde kultural bati Italiako bidaia ordaintzeko proposamena baztertua geratu zen, izaera pribatukoa izateagatik eta herriarentzako onurarik ez izateagatik.
7. Kale Nagusia 69 eta 71 arteko aparkalekua berrurbanizatzeari ezin zaio ekin, izaera pribatuko interbentzio bat baita eta aparkaleku horien kontzesioa ez baitago erregularizatua.
8. Oholtza mugikorraren eta bi txosnaren erosketak pasatu zuen mozketa, 200.000 euroko balorazioarekin.
Mozketa pasatu zuten proposamenak ondoren Bozeramaileen Batzordeak aztertu eta ebaluatu zituen. Talde politiko guztietako ordezkari banak osatzen dute batzorde hori, boto ponderatuarekin. Emaitza gisa, hiru proposamenek lortu zituzten onetsiak izateko behar ziren gutxieneko puntuak (25); batek, berriz, ez. Hau izan zen balorazioa:
1. Oholtza mugikor bat eta bi txosna erostea. 200.000 euro. (31 puntu).
2. Haurrentzako parke bat estaltzea. 120.000 euro (28 puntu).
3. Sonometroa erostea eta hura erabiltzeko trebatzea. 30.000 euro. (28 puntu)
4. Txakurrentzako iturriak. 5.000 euro. (20 puntu). Ez zen onetsi.
Onetsitako hiru proposamenen baturak 500.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duenez gero, ez da beharrezkoa herri-kontsulta egitea eta 2019ko aurrekontuetan sartuko dira, horrela amaitzen delarik aurrekontu partizipatiboen prozesua.
Talde politiko guztiak ados agertu ziren erabilitako prozedurarekin, oso zehatza baita eta irizpide argiak eta berdinak baititu herritar guztientzat, eta datozen urteetan mantentzea erabaki zuten.
Proposamengile bakoitzak idatzi bat jasoko du, bere proposamenaren emaitza eta jasotako balorazio teknikoa jakinaraziz.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala