Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   SOZIOEKONOMIA

COVID-19aren pandemiak sortutako krisiarengatik merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonalei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi dira.

Lasarte-Oriako udalak merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduek 500.000 euroko laguntzak jasotzeko baldintzak arautzen dituzten oinarriak onetsi ditu. Establezimendu bakoitzeko, gehieneko laguntza 1.300 eurokoa da.

1. argazkia

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak, Sozioekonomiako zinegotzi Nuria Fernándezekin batera, gure udalerrian soldatapeko 15 langileraino dituzten merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduentzako 500.000 euroko laguntzak arautzen dituzten oinarriak aurkeztu ditu.

Valdiviak azaldu duenez, alde batetik udaleko talde politiko eta teknikari guztiei eta bestetik Aterpea eta Ostalaritzako elkarteei partaidetza eman zaien prozesu baten ondoren, sektoreari pandemiak eragindako krisia gainditzen lagundu nahi dioten oinarri hauetara iritsi dira.

Alkateak adierazi zuen 500.000 euroko deialdi honek bi laguntza-lerro izango dituela, krisiak negozioan izandako eraginaren arabera, eta oinarrizko laguntzak hainbat osagarri izango dituela zenbait irizpideren arabera, hala nola berdintasuna, langile-kopurua, lokala alokatua den edo hipoteka bat duen. Gainera, esan zuen laguntzak bateragarriak direla instituzio eta erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozeinekin.

Era berean, alkateak adierazi zuen apirilaren 1etik, Aterpearekin hasierako proposamenak jasotzeko lehen bilera egin zuenetik, 3 bilera egin direla Aterpearekin, 3 bilera Ostalaritzako Elkartearekin, 2 bilera bi elkarteekin batera, bozeramaileen batzordeak astero, udaleko talde politikoen eta teknikarien arteko bilera bat eta batzorde bat. Bilera horietan, sektoreak egindako eskaerak eta gure ahalmenen arabera jarduteko proposamenak jaso dira eta horien berri eman da.

Bilera horien fruitu, eta eskaera horiei erantzunez, oinarri hauek sortzea erabaki zen, hasierako zenbatekoa 125.000 eurotik 500.000 eurora gehituz. Gainera, ostalaritzako terrazei % 100eko hobaria aplikatzeko erabakia hartu da, ahal izan den guztietan haien kopurua eta okupazioa handituz, 50 establezimendu baino gehiagori erantzuna emanez.

Kale Nagusia asteburuetan terrazak jartzeko trafikoari ixteko eskaerari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundian gestioak egin ziren haren baimena lortzeko, baina ezinezkoa gertatu zen, herri arteko garraio-zerbitzuan afektazio handiak zituelako, ibilbidea arriskutsua zelako, geraleku batzuk bertan behera geratuko zirelako eta autobus artikulatuak erabili behar zirelako zerbitzuaren erabiltzaileei behar bezala erantzuteko, eta horrek bideraezina egiten zuen eskaera, garraio publikoari kalte larririk eragin gabe.

Nuria Fernandez sozioekonomiako zinegotziak oinarrien edukia azaldu du. Bi lerro dituzte, bata 1.300 eurora artekoa, autonomoen jarduera eten dutela egiaztatzen duten establezimenduentzat edo apirilean diru-sarrerak % 75 baino gehiago murriztu zaienentzat, alarma-egoeraren aurreko sei hilabeteen batez bestekoarekin alderatuta. Beste lerroa, gehienez 1.050 euroko zenbatekoa duena, diru-sarreren murrizketa % 50 eta % 75 artekoa izan duten establezimenduei zuzenduta dago.

Dirulaguntzen zenbatekoa

Laguntzen zenbateko finkoa honako hau izango da:

  • 1. lerroa.- 750 euro
  • 2. lerroa.- 500 euro

Kopuru horiei osagarri hauek gehituko zaizkie:

  • 200 euroko osagarria baldin eta onuradunak jarduerarako darabilen negozio-lokala errentan badauka, edota hipotekazko mailegua edo mailegu pertsonala badu jarduerarako darabilen negozio-lokala erosteagatik.
  • 100 euroko osagarria baldin eta enpresak soldatapeko 1 eta 5 langile artean baditu, edo 200 euroko osagarria baldin eta enpresak soldatapeko 6 eta 15 langile artean baditu (baldintza honetarako ez da kontuan sartuko laguntzaren onuraduna).
  • 150 euroko osagarria baldin eta plantillan soldatapeko langileen % 50 gutxienez emakumeak badira.

Eskaerak aurkezteko epea

Laguntzen eskaerak aurkezteko epea haiek onartu eta hurrengo egunean hasiko da, betiere haien erakustaldi publikotik ateratzen denaren mende eta deialdiarekin batera GAOn argitaratu ondoren behin betiko indarrean jartzearen mende, eta alarma-egoeraren amaiera deklaratu ondorengo 30 egun naturaleko epean amaituko da.

Eskaerak aurkezteko modua

Dirulaguntzen eskaerak I. eranskinean jasotako ereduan aurkeztu beharko dira, Villa Mirentxuko ekitaldi-aretoan horretarako sortu diren bulego fisikoetan (sarrera laranjondoen patiotik). Horretarako, 628.694.138 telefonora deitu beharko dute hitzordua hartzeko edo kontsultak egiteko. Ez da inor artatuko aldez aurreko hitzordurik gabe.

Modu telematikoan ere aurkeztu ahalko dira udalaren webgunearen bidez: www.lasarte-oria.eus.

Beharrezko dokumentazioa

Eskaera-inprimakiarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Norberaren kontura ari den langilearen edo autonomoaren DNIa/AIZ, edota, laguntza enpesa batentzat eskatzen denean, enpresaren IFK edo enpresa eratzeko eskritura.
  • Zinpeko deklarazio bat, non adieraziko baitu prestazio honetarako eskubidea izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.
  • Enpresa ixteagatik eskatzen bada, Langile Autonomoen Jarduera Etetearen ebazpena (CATA).
  • Diru-sarreren galeragatik eskatzen badu, hori justifikatzen duen kontabilitateko informazioa aurkeztu beharko du, une horretan eskuragarri badago.
  • Ea eskatzaileak eskuratu duen Estatuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo beste edozein erakunde publikok iragarritako ezohiko laguntzen edo dirulaguntzen beste lerroren bat.

Gastuaren justifikazioa

Justifikazioak 2020ko urriaren 15era arte aurkeztuko dira, eskaerarako egindako prozedura berari jarraituz.

Gastuaren justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa

Laguntzen onuradun diren pertsonek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaera egiteko unean

aurkeztu ez badituzte:

  1. Jaulkitako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia; diru-sarreren eta gastuen liburu egunkariarena; salmenten eta sarreren erregistro-liburuarena; edo erosketen eta gastuen liburuarena. Aipatutako kontabilitate-agiri horiek eramatera behartuta ez dauden autonomoen kasuan, zuzenbidean onartutako edozein frogabide onartuko da.

1. lerroko eskaeren kasurako, baldin eta eskatzaileak eskuratu badu Estatuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo beste edozein erakunde publikok iragarritako ezohiko laguntzen edo dirulaguntzen beste lerroren bat, eta laguntza jaso ahal izateko eskatutako baldintzak (jarduera ixtea edo diru-sarreren % 75 edo gehiago galtzea), osorik edo parte batean, bat badatoz hemen eskatzen direnekin, nahikoa izango da instituzio edo erakunde horietatik dagokion laguntzaren kontzesioa jaso izanaren sinestamenduak aurkeztea, argi eta garbi identifikatuz laguntzen edo dirulaguntzen lerroa, laguntza ematen duen organoa eta horretarako eskatzen diren baldintzak. Kasu honetan, ez da beharrezkoa izango aipatutako liburuak edo adierazitako beste edozein frogagiri aurkeztea.

  1. Eskatutako laguntzaren osagarrietarako:
    1. Jarduerarako darabilen negozio-lokala errentan edukitzeagatik:
    2. Negozio-lokalaren errentamenduko kontratua eta jarduera itxi aurreko 2 azken hilabeteetako fakturak eta pagamenduen frogagiriak.
    3. Jarduerarako darabilen negozio-lokala erosteagatik hipotekazko mailegua edo mailegu pertsonala izateagatik.
    4. Jabetzako eskriturak eta hipotekazko maileguaren edo mailegu pertsonalaren formalizaziokoak, bai halaber jarduera itxi aurreko azken 2 hilabeteetako kuoten pagamenduen frogagiriak.
    5. 2020ko martxoaren 14n dituen langileen kopuruarengatik: 2020ko otsaileko langileen zerrenda izenduna (aurreko TC2).

Plantillako soldatapeko langileen % 50 gutxienez emakumeak diren kasurako, enpresako langileen zerrenda, DNIa adierazita.

 

Iturria: Lasarte-Oriako Udala