partekatu
• ATERPEAREKIKO HITZARMENA
ATERPEAren Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa aurkeztuta
Ekimen honekin, ATERPEAk jai giroa sustatu eta tokiko merkataritzan erosketak dinamizatu nahi ditu.
Atzo aurkeztu zen Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa, Orbela Ekodendan, Kale Nagusia 3an. ATERPEA Elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin antolatutako lehiaketa hau Gabonetako Kanpainaren jardueren parte da. Jai giroa sustatzea eta herriko merkataritza dinamizatzea dute helburu nagusi.
Aurkezpena Ana Laureano ATERPEAko ordezkariak egin zuen. Tokiko merkataritzak bereziki aste hauetan duen garrantzia nabarmendu zuen Laureanok bere hitzaldian. Era berean, jasotako babesa eskertu zien Lasarte-Oriako Udalari, bereziki Sozioekonomia Sailari, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailari eta Caja Rural erakundeari.
Lehiaketan 14 establezimenduk parte hartzen dute eta abenduaren 9tik 15era bitartean izango da bozketa.
Lehiaketan bi epaimahaik hartuko dute parte:
- Epaimahai profesionala: bertako erakundeek eta gonbidatutako adituek osatua, eta erakusleihoak argiztapena, originaltasuna eta konposizioa irizpideen arabera ebaluatuko dituena.
- Epaimahai herrikoia: eta bertan herritarrek parte hartu ahal izango dute banatuko diren boto-paperen bidez, parte hartzen duten establezimenduetan ere eskuragarri egongo direnak.
Lehiaketak bi sari izango ditu:
- Rural-Kutxa Saria, erakunde honek babestua eta epaimahai profesionalak erabakiko duena.
- Aterpea Saria, boto herrikoiaren bidez emango dena.
Gabonetako kanpaina
Gainera, gogoratu zuten Gabonetako Kanpainaren barruan egingo diren ekimen ugarietako bat dela Erakusleiho Lehiaketa; abenduaren 2tik 20ra egingo dute. Kanpaina horren barruan, bezeroen leialtasuna sarituko da, eta, horretarako, Gabonetako loteak zozkatuko dira atxikitako saltokietan erosketak egiten dituztenen artean. Tokiko kontsumitzaileen konfiantza aitortu eta eskertu nahi du ekimen horrek, eta, aldi berean, udalerriko saltokietako jarduera sustatu.
Lehiaketa honek ez du soilik kaleak gabonetako giro berezi batekin edertu nahi, baizik eta udalerriko gizarte- eta ekonomia-ehuna indartu, eta tokiko merkataritzaren sormena eta dinamismoa bultzatu.
Sozioekonomia Saileko zinegotzi Nuria Fernándezek, bere aldetik, tokiko merkataritza dinamizatzeko honelako ekimenek duten garrantzia azpimarratu zuen.
"Eskerrak eman nahi dizkiot Aterpea Merkatari Elkarteari Lasarte-Oriako merkataritza dinamizatzeko egiten duten lanagatik."
Gainera, lasarteoriatar guztiei kanpaina honetan parte hartzeko deia luzatu zien:
"Nire herritar guztiei eta gure herria bisitatzen dutenei kanpaina honetan parte hartzera animatu nahi diet. Kanpaina ederra da, eta batez ere, oso dibertigarria."
Amaitzeko, Ana Laureanok gogorarazi nahi izan zuen abenduaren 22an Aterpea elkarteak Txu-Txu trena jarriko duela herritarren eskura, eta trenak herriko hainbat kale zeharkatuko dituela.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala