partekatu
• BARATZE EKOLOGIKOAK
Bi hitzarmen sinatu dira baratze ekologikoak martxan jartzeko eta kudeatzeko
Lasarte-Oriako Udalak bi hitzarmen sinatu ditu Kutxa Fundazioarekin eta Kutxa Ekogunearekin 58 baratze ekologiko martxan jartzeko. Horrela, Lasarte-Oria baratze ekologikoen "Baratze Parkea" sarean sartzen da.
Hitzarmenak sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak eta Ander Aizpuruak Kutxa Fundazioaren ordezkari gisa. Zaballos oso pozik agertu zen 58 baratze ekologikoak hain laster martxan jartzearekin, horri esker zerbitzu berri eta interesgarri bat eskainiko baitzaie Lasarte-Oriako herritarrei, landa-eremua norberaren kontsumorako elikagaiak ekoizteko espazio gisa errekuperatuz.
Alkateak nabarmendu zuenez, Kutxa Fundazioaren eta Kutxa Ekogunearen babesari esker, Lasarte-Oriak behar adinako laguntza teknikoa izango du esperientzia berri honen funtzionamendu ona bermatzeko, horrela udalbatzarrarekin hartutako konpromiso bat betez eta herritarren eskari gero eta handiago bati erantzunez. Baratze ekologikoak aukera paregabea izango dira herritarrak gure lurraren ezaugarri izan ziren soro-lan tradizionaletara hurbiltzeko.
Ander Aizpuruak, berriz, azpimarratu du, 2013an proiektua 5 baratze-parkerekin hasi zenetik, 20 direla gaur egun Gipuzkoan martxan dauden baratze-parkeak: Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta, Berrobi, Irun, Villabona, Ikaztegieta, Beasain, Ordizia eta Zumaia. Guztira, 1.181 lursail daude herritar eta elkarteen eskura, eta baratze ekologikoetara bideratutako ia 5,4 hektarea lur. Eta horri Zumarragako eta Lasarte-Oriako baratzeak gehituko zaizkio, eta badira beste udal batzuk Sare horretako kide izateko interesatuak daudenak.
Baratze-parke berri hau irekitzean, Kutxa Ekoguneak eskaintzen duen Baratze Parke Sarearen zerbitzu nagusia Furgobaratza zerbitzua da, garaian garaiko hazi eta landare ekologikoak eskuratzeko aukera ematen duena eta barazkigintzari lotutako gomendio eta tailer praktikoak ematen dituena. Eta Lasarte-Oriako baratze-parke berrian Sareak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuak ere emango dira, hala nola baratzeen kalitatearen analisiak, baratzeen eta lursailen egoeraren jarraipen-txostenak, tailer praktikoak eta dinamizazioko jarduerak, eta “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa.
Bestalde, Baratze Parke Sareko ordezkari munizipalek eta erabiltzaileen elkarteek Kutxa Ekoguneak antolatzen dituen Topaketetan parte hartzen dute. Modu honetan, Gipuzkoako herrietako baratze-parkeetan parte hartzen dutenek elkar ezagutzeko eta informazioa zein gomendioak elkarri trukatzeko aukera izango dute.
Lehenbiziko hitzarmenari esker, Kutxa Fundazioak 7.326,52 euroko diru-laguntza eman dio Lasarte-Oriako Udalari, hura Baratze Parke Sarea izeneko proiektura atxiki dadin. Sare hori Kutxagestion Zerbitzuak SLU enpresak kudeatuko du, haren helburua delarik Gipuzkoako hainbat udalerritan baratze ekologikoen parke publiko bat ezartzea. Udala, berriz, Kutxa Fundazioak proiektuan parte hartzen duela publizitatzera konprometitzen da, bai eta proiektua hitzarmenean adostutako terminoetan garatzera eta gauzatzera ere.
Bigarren hitzarmenaren xedea Kutxa Ekoguneak eta Lasarte-Oria Udalak hurrenez hurren beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta konpromisoak arautzea da, proiektuaren helburu nagusi hauek abiapuntutzat hartuta.
- Produktu eta barazki ekologiko eta lokalen kontsumoa eta haienganako sentsibilizazioa areagotzea.
- Aisialdi aktiboa sustatzea.
- Lasarte-Oriako baratze-parkea herriko beste gune berde eta publiko bat bihurtzea.
- Baratze-parkearen erabiltzaileengan eta herritarrengan, oro har, naturarekiko errespetua sustatzea.
- Talde sozial eta adin ezberdinen arteko elkarbizitza eta interrelazioa bultzatzea, eta hainbat kolektibo soziali laguntzea.
- Euskal kultura eta euskara sustatzea eta hizkuntza-aniztasuna balioan jartzea.
- Aisialdi aktiborako topagune bat sustatzea.
- Parkean eta hango instalazioetan irisgarritasuna bermatzea.
Kutxa Ekoguneak, elkarlanerako hitzarmenaren barruan, ondoko betebehar hauek hartzen ditu bere gain:
- Baratze Parke Sareko baratze-parke guztietan ipintzen den panelaren diseinurako irizpideak zehaztea eta Lasarte-Oriako baratze-parkeko panela produzitzea eta garraiatzea.
- Erreminta-sorta Lasarte-Oriako Udalaren eskura jartzea.
- Parkearen erabiltzaileei zuzendutako barazkigintza ekologikoaren oinarrizko ikastaroa antolatzea eta finantzatzea. Barazkigintza ekologikoaren oinarrizko ikastaro hori parkearen erabiltzaile guztiek egin beharreko hastapenezko ikastaro teoriko-praktiko bat da.
- Baratze Parke Sareko Topaketan parte hartzeko aukera ematea, bai Udalari, bai Lasarte-Oriako baratze-parkearen erabiltzaileen elkarteari.
- Baratze Parke Sarearen webgunea eta buletina eskaintzea: informazio eguneratua, aholkularitza, etab.
- Lasarte-Oriako baratze-parkearen egoeraren jarraipena egitea (azpiegiturak, konpostagunea, lursailak), jarraipen-txostenak egitea eta horiek Udalari eta parkearen erabiltzaileen elkarteari bidaltzea (martxotik azarora).
- Lurren kalitatea eta osasuna bermatzeko helburuarekin, Lasarte-Oriako baratze-parkeko lurren analisia egitea bi urtetik behin, eta lortutako emaitzen araberako gomendio teknikoak ematea.
- Urteroko Furgobaratza zerbitzua eskaintzea. Urtero, Kutxa Ekoguneak zerbitzuen proposamen bat egingo dio Udalari, baratze-parkean jasotako eskaeretara eta beharretara egokituta, eta urtean gehienez 7 zerbitzu eskainiko ditu. Furgobaratza zerbitzuen artean, hurrengo hauek eskainiko dira:
• Aholkularitza zuzena Lasarte-Oriako baratze-parkearen erabiltzaileei.
• Landare ekologikoen eta baratzerako beste produktu ekologikoen zuzeneko salmenta.
• Baratze Parke Sarearen jardueren berri ematea eta sarearen erabiltzaileen proposamenak jasotzea.
• Lasarte-Oriako baratze-parkearen erabiltzaileen elkarteko bilerak dinamizatzea.
• Lasarte-Oriako baratze-parkearen erabiltzaileen komunitatea sendotzeko helburua duten jarduera ezberdinak eskaintzea, dohainik edo prezio apaletan: tailer praktikoak, azokak, erakusketak, hitzaldiak, auzolaneko jarduerak, familientzako tailerrak, etab.
- Erabiltzaile eta udalentzako lan gehigarriak eskaintzea haiek kontratatzeko: material organikoa tratatzea; lurrak eta partzelak prestatzeko lanak, parkeko gune komun edo muganteen garbiketa eta mantentzioa, etab.
- - Bitartekari gisa aritzea eta Baratze Parke Sarearen hornitzaileekin adostutako deskontuak eskaintzea Lasarte-Oriako baratze-parkean erabiliko diren material eta produktuetarako.
- - Hitzarmen hau iraungi baino sei hilabete lehenagoko epearekin, Kutxa Ekoguneak proiektuaren ebaluazioa egingo du, eta Lasarte-Oriako Udalarekin bilera bat egiteko konpromisoa hartzen du, Lasarte-Oriako baratze-parkeak aurrerantzean ere Baratze Parke Sareko kide izaten jarraitu ahal izateko dauden aukerak eta baldintzak aztertzeko.
Lasarte-Oria Udalak, lankidetzako hitzarmenaren barruan, hurrengo betebehar hauek onesten ditu, Kutxa Ekoguneari ematen dituen zerbitzuengatik urtero 4.759 euro ordaintzeaz gain:
- Udalak Lasarte-Oriako baratze-parkea gauzatzeko lanak bere gain hartzeko eta martxan jartzeko ardura izango du, Kutxa Ekogunearen irizpideak jarraituz. Horretarako, kontuan izango du hitzarmen honetan zehazten den kronograma, Lasarte-Oriako baratze-parkea martxan jartzeko epe-muga 2019ko ekainaren 1a izango delarik.
- Kutxa Ekoguneak ingurumenaren eta hizkuntzen kudeaketarako emandako irizpide ekologikoak beteko ditu Udalak, eta Lasarte-Oriako baratze-parkearen proiektuan, araudian eta funtzionamenduan txertatuko ditu.
- Udalak barazkigintza ekologikoan aritzeko lur egokiak direla bermatuko du. Horretarako, dagozkion lur-analisiak egingo ditu, eta proiektuaren hasieratik kontutan izango ditu lurraren drainaketa, testura eta emankortasuna.
- Udalak beharrezkoak diren lanak proiektuan nahiz obren exekuzioan integratuko ditu, partzeletako lurra erabiltzaileei entregatu aurretik osasuntsua, ondo landua, ongarritua eta inpermeabilitateko arazorik gabea egon dadin.
- Lasarte-Oriako Udalaren erantzukizuna izango da panel identifikatiboa instalatzeko lana.
- Udalak gutxienez deialdi bat egingo du, baratzea izateko interesatuta dauden herritarrak bilera batean parte hartzera gonbidatuz, Kutxa Ekogunearekin batera, Lasarte-Oriako baratze-parkearen ezaugarrien eta xehetasunen gaineko azalpenak emateko.
- Udalak adjudikatarioentzat “Barazkigintza ekologikoari buruzko hastapeneko ikastaroa” antolatzen lagunduko du.
- Udalak Lasarte-Oriako baratze-parkeko lursailen gutxienez % 75a adjudikatua izango du martxan jarri aurretik.
- Udalak, Lasarte-Oriako baratze-parkearen mantentzio-premiak identifikatuko ditu, eta bere aurrekontutan urtero partida bat onetsiko du parkearen funtzionamendu egokia bermatzeko xedez.
- Udalak Lasarte-Oriako baratze-parkearen proiektuko arduradun izateko udaleko teknikari bat izendatuko du, eta hura arduratuko da jarraipena egiteaz eta Kutxa Ekogunearekin koordinatzeaz.
- Udalak, Lasarte-Oriako baratze-parkea beti beteta egon dadin, eskatzaileen poltsa bat sortuko du eta eguneratua edukiko du, beren partzelak uzten dituzten erabiltzaileak ordezkatzea ahalbidetzeko.
- Udalak Lasarte-Oriako baratze-parkearen araudia betetzearen jarraipena egingo du, eta ezarritako santzio-erregimena aplikatuko du.
- Udalaren erantzukizuna izango da Lasarte-Oriako baratze-parkeari aplikakizunn zaion Lan-Arriskuen Prebentzioko araudia betetzea, eta horri buruz Kutxa Ekoguneari notifikatzeko obligazioa izango du.
- Udalak hitzarmen honen helburuak betetzeko beharrezkoak diren aseguru guztiak izango ditu, eta sor litezkeen kalte pertsonal edo material guztien erantzule izango da.
- Hitzarmen hau iraungi baino sei hilabete lehenagoko epearekin, Udalak proiektuaren ebaluazioa egingo du, eta Kutxa Ekogunearekin bilera bat egiteko konpromisoa hartzen du, Lasarte-Oriako baratze-parkeak aurrerantzean ere Baratze Parke Sareko kide izaten jarraitu ahal izateko dauden aukerak eta baldintzak aztertzeko.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala