partekatu
• COVID 19
COVID 19
Lasarte-Oriako Udalak itxi egingo ditu udal-bulegoak, eta telefonoz, posta elektronikoz edo aldez aurretik hitzordua eskatuta bakarrik funtzionatuko dute, ezinbestekoa den kasuetan. Ekipamendu sozialak, kulturala eta kiroletakoak ere itxi egingo dira.
Lehenik eta behin, udalak lasaitasunerako mezua helarazi nahi die Lasarte-Oriako herritarrei, eta hedabideak baliatuko ditu aurrera eraman beharreko prebentzio-neurriak indartzeko, hartara kutsatze posibleak saihesteko.
Jarraibideak sinpleak eta aplikatzen errazak dira:
- Eskuetako higienea maiz: urarekin eta xaboiarekin garbitzea.
- Adineko pertsonen eta haurren kontrol termikoa, sintomaren bat ikusiz gero.
- Arnas arazoa edo sukarra bezalako sintomaren bat izanez gero, etxean egotea eta 900.20.30.50 telefonora deitzea.
- Jende-pilaketak saihestea, adineko pertsonena batez ere.
Izaera prebentiboko neurri horien helburua da populazioko kolektibo ahulenak babestea eta kutsatutako pertsonen kopuruari eustea. Hala ere, Lasarte-Oriako herritarrei lasaitasunerako mezua helaraztea berresten dugu, eta herritarrei eskatzen diegu ihes egin dezala gezur eta zurrumurruetatik eta informa dadila osasun-agintariek beren komunikabideetan edo komunikabide orokorretan emandako informazioaren bidez.
Informazio ofiziala esteka hauetan lor daiteke:
- Osasunaren Munduko Erakundea: https://www.who.int/es/emergencies/diseases/novel-coronavirus-2019/advice-for-public/q-a-coronaviruses
- Osasun Ministerioa: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/ciudadania.htm
- Osakidetza: http://www.euskadi.eus/nuevo-coronavirus-covid-19/
Arrisku handia dago populazio ahulenentzat, hala nola adinekoen kolektiboak biltzen dituztenentzat, eta beharrezkoa da kutsatzeko arriskua minimizatzera bideratutako neurriak hartzea esparru askotan (sozialak, hezkuntzakoak, kulturalak, kiroletakoak...).
Udalak beharrezkotzat jotzen du hartutako neurrien maila handitzea eta neurri horiek adinekoen egoitza-ingurunera ez ezik komunitate-ingurunera edo adineko pertsonen biltzeko guneetara eta haien jardueretara ere hedatzea, horiek askotan bateraezinak izaten baitira arretazko neurri unibertsalekin. Antzeko zerbait gertatzen da haurrekin eta Hezkuntza Sailak ezarritako jarraibideekin.
Beharrezkoa da ekitaldi masibo edo jendetsuetara joatea mugatzea, eta horrek eragin zuzena izango du udalaren programazioan eta agendan.
Udalak bere eskumeneko gaietan orain artean hartutako neurriei dagokienez, eta osasun-agintariek emandako gomendioen arabera, honako hauek dira:
- Kultura eta Hezkuntza: itxi egingo dira Kulturetxea, Liburutegi Munizipala, Musika eta Dantzako Eskola eta Antonio Mercero Gunea. Bertan behera geratuko dira kultura-agendan aurreikusitako jarduera kultural guztiak, baita eskolak eta ikastaroak ere. HHIak ere ez du funtzionatuko.
- Zerbitzu Sozialak: Jubilatu-etxea itxi egingo da. Eten egin dira Ondo Ibili – Paseo Osasungarriak eta KoTenT-Tu programak. Prebentziozko neurriak hartuko dira Etxean Laguntzeko Zerbitzuan Villa Mirentxun, Zerbitzu Sozialetako bulegoek telefonoz emango dute arreta, eta betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta (943.37.61.79).
- Sexuaren Berdintasunerako Emakume-Zentroa: itxi egingo da eta bertan behera geratuko dira ikastaroak.
- Kirolak: Itxi egingo dira Maialen Chourraut kiroldegi munizipala, Michelingo kirolgunea eta trinket munizipala.
- Gazteria: Itxi egingo dira Gaztelekua eta KZgunea, eta bertan behera geratuko dira jarduerak eta ikastaroak.
- Euskara: Euskaltegi munizipala itxi egingo da.
- Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoa: zerbitzua itxi egingo da.
- Asteroko kale-azoka: asteazkenetako kale-azoka bertan behera geratuko da.
- Terrazak: aldi baterako etenda geratuko dira ostalaritzako establezimenduetako terrazen lizentziak.
- Manttangorri hiribusaren zerbitzua: ohiko garbiketa areagotu egingo da, kontaktuko eremuak desinfektatzea ahalbidetzen duten produktu espezifikoekin. Autobusaren garbiketa areagotu egingo da zerbitzu-orduetan, eremu komunetan (barrak, sakagailuak, eskutokiak, heldulekuak…) produktu desinfektatzailea aplikatuz.
- Udaletxeko bulego orokorrak: publikoarentzat itxita egongo dira. Zerbitzua telefonoz (943.37.60.55) edo online (udala@lasarte-oria.eus) emango da. Aurrez aurreko zerbitzua beharrezkoa izanez gero, aldez aurretik hitzordua eskatuta bakarrik onartuko da.
- Kobrantza eta errentak: Udalari egin beharreko pagamenduak tramitazio elektronikoaren bidez edo banku-entitateetan ordainduz egin beharko dira.
- Garbiketako zerbitzuak: areagotu egingo da instalazio munizipal guztien garbiketa arrunta produktu espezifikoekin, kontaktuko eremuak desinfektatu ahal izateko.
- Ezkontzak eta ehorzketak: Ezkontza zibiletan, ezkongaiei eta lekukoei bakarrik utziko zaie sartzen. Ehorzketetan saihestu egin behar dira jende-pilaketak, eta ahal dela beti distantziak mantendu.
- Udaleko bilkurak: Udaleko organo kolegiatuen bilkurak (batzorde informatiboak, aholku-batzordeak, gobernu lokaleko batzarrak eta udalbatzarraren osoko bilkurak), guztiz beharrezkoak badira, ateak itxita egingo direla ezartzen da.
Aurreko neurri horiek guztiak dekretua sinatzen denetik aurrera egongo dira indarrean, 15 egunez, eta luzatu ahalko dira baldin eta beharrezkotzat jotzen bada.
Azkenik, lasarteoriatarrei kolabora dezatela eskatzen zaie, gaixotasuna zabaltzeko aukerak murrizteko, eta uneoro aintzat har ditzatela osasun-agintarien gomendioak. Lasarteoriatar bakoitzaren ardura da herritarren artean kutsatzeko aukerak gutxitzen laguntzea, eta horregatik eskatzen zaie herritarrei beren jarduera soziala muga dezatela osasun-larrialdiko egoera honetan, horrela pandemiari eusten laguntzeko, espazio itxi eta jendetsuetara joatea saihestuz.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala