partekatu
• KULTURA
Otsailaren 11n hasiko da Lasarte-Oriako XI. CIMASUB zikloa
Cimasubeko, Danok Kideko eta Udaleko arduradunek aurkeztu zuten Itsaspeko Zinema Zikloaren XI. edizioa. Ziklo honen bidez, itsaspeko bizitzari buruzko 21 dokumental ikusi ahalko ditugu, eta haurrentzako zikloa berreskuratu du. Aurtengo berritasunak ponentzia bat eta argazki-erakusketa bat izango dira.
David Sánchez Cimasubekoak, Jesus Mari Egizabal Danok Kidekoak, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak eta Maite Iglesias kulturako zinegotziak aurkeztu zuten Itsaspeko Zinema Zikloaren edizio berri hau, eta 3 egunetan egingo da, otsailaren 11n, 18an eta 25ean, 19:00etan, Kulturetxeko auditorioan. Egun horietan 21 lanez gozatu ahalko dugu film laburren, dokumental laburren eta dokumental luzeen artean, tartean direlarik Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 42. edizioan saritutakoak.
Sánchezek aurtengo nobedadeen berri eman zuen. Alde batetik, CIMASUBera aurkeztutako 22 argazki onenen erakusketa zabalduko da otsailaren 11n. Erakusketa Kulturetxeko kafetegian ikusi ahalko da otsailaren 26ra bitartean, 17:00etatik 21:00etara.
Horrez gain, eskola-umeei eskaintzen zaien Txikizikloa errekuperatu dela iragarri zuen. Hilaren 11n, Landaberriko 6 eta 10 urte bitarteko 192 haurrek 3 film labur (horietako bat 3D animaziokoa) ikusteko eta itsasoaren egoerari buruz AZTIk eskainiko duen hitzaldia entzuteko aukera izango dute. Horren bidez, itsasoa hilko ez bada zaindu beharra dagoela kontzientziatu nahi dira haurrak, zaborrak eta plastikoak itsas hondoan eragiten ari diren kalteari buruz hausnarraraziz.
Ziklo hau, Cimasubek antolatua, Lasarte-Oriara Danok Kide elkartearen eskutik heltzen da, eta XI. edizioa izango du Lasarte-Orian. Nabarmentzekoa da iazko zikloak izan zuen harrera ona, gure pantailetatik 400 ikusle igaro baitziren, dokumental bikainez gozatuz. David Sánchezek Lasarte-Orian jasotzen duten sostengu handia azpimarratu zuen, Donostiatik kanpo hau dutelarik plazarik onena. Real Sociedadeko Itsaspeko Jardueren Atalaren izenean, eskerrak eman zizkien Danok Kideri eta Lasarte-Oriako Udalari.
Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak itsaspeko zinemaren erreferente izaten jarraitzen du mundu mailan, eta bazter guztietako lanak jasotzen ditu: Belgika, Frantzia, Ingalaterra, Italia, El Salvador, Argentina, Kanada, Mexiko, etab.
Hautatutako lanek munduko paradisuetara eramango gaituzte, hala nola Maldivak, Indonesia, Filipinak, Mauricio Uhartea, Mexiko, Thailandia, Australia, Egipto... bai halaber gure kostalde guztira... Mediterraneotik Kantaurira eta gure isla guztietara.
Itsasoko kutsadurarekin dugun arazo larriaren aurrean, eta itsas hondoetan daukagun zabor-kopuru handia salatzen duten lanak urtetik urtera gero eta gehiago direla ikusita, aurten sari berriak gehitu ditugu salaketa ekologikoa duten lanik hoberenentzat, bai argazkietan, bai dokumentaletan edo film laburretan. Emaitza ikaragarria izan da; errealizadoreek zer kontatu asko dute, eta horrela erakutsi digute.
Aurtengo XI. edizio honetan, hauek dira ikustera emango diren lanak:
ASTELEHENA 11.
- · La Plastikería (Bizkaia) | Cesare Maglioni | 6 min.
- · Anhelo Azul (Tenerife)| Marc Pedrals Prat | 3 min.
- · Euskal Urdina (Euskadi) | Isaias Cruz Irujo | 4 min.
- · Ponentzia: Zergatik murgiltzen gara? Ponentzia eskainiko duena Luis Martínez da, naturaren zalea eta Real Sociedad de Fútbol SADeko Itsaspeko Jardueren Ataleko urpekaritzako irakaslea. Jakin nahi duzu urpekariok itsasoaren sakonera benetan zergatik sartzen garen? Barrutik jakin nahi duzu urpekaritzako murgilketa bat nola prestatzen den? Zer ikusten dugun gure Kantauri itsasoko uretan, behin eta berriz esperientzia hori errepikatzeko? Zatoz, eta gure sekretuak agertuko dizkizugu.
ASTELEHENA 18.
- · Underwater Basque Country. El otro mar de los vascos. (Euskadi) | Alberto Santolaria | 3 min.
- · Ruido (Lagunas de Ruidera) | Jose Antonio Valverde | 6 min.
- · Out of the black & into the blue. ANILAO (Filipinak) | Alex del Olmo | 4 min.
- · Impermanencia (Thailandia) | Julián Rodríguez | 5 min.
- · Hondar2050 (Gipuzkoa · Bizkaia · Lapurdi (Fr) | Cesare Maglioni | 45 min.
- · Maldivas | David Galdañ Fernández | 5 min. Deep (Gipuzkoa) | Mikel Yarza | 4 min.
- · Pura Maro (Euskadi · Australia · Mexiko) | Maite Erauskin | 6 min.
- · Scorpionfish (Mexiko) | Guy eta Anita Chaumette | 8 min.
ASTELEHENA 25.
- · 2018ko CIMASUBeko argazki irabazleak| Javier Ferrer | Massimo Giorgetta | Manuel Campillo | Iñaki Alcalde | Aldo Gustavo Galante 6 min.
- · Momentos robados (Gipuzkoa) | Borja Inza | 7 min.
- · Out of the black & into the blue. PHILIPPINES. (Filipinak) | Alex del Olmo | 4 min.
- · Ocean Shock's (Kantabria · Bizkaia · Gipuzkoa) | Alberto Santolaria | 4 min.
- · Los secretos del Ángel (Kanariak) | Elodie Turpin | 26 min.
- · Pisciforms (Maurizio Islak) | Olivier Van den Broeck | 11 min.
- · Black & Blue (Indonesia · Itsaso Gorria · Alaska) | Julie Ouimet | 5 min.
- · Out of the black & into the blue. TRUK LAGOON (Mikronesia) | Alex del Olmo | 3 min.
- · De cerca (Mexiko) | Daniel Aldaya | 19 min.
Itsaspeko zinemaren ziklo honi buruzko informazio guztia www.cimasub.com webgunean kontsulta dezakegu.
Zikloaren jatorria Danok Kideren prestakuntza iraunkorreko eskola izan zen, han orain 10 urte hasi baitziren dokumental horiek ikusten. Zikloen kalitatea ikusita, Udala inplikatzea erabaki zuten, zabalkunde handiagoa eta kalitate hobea izan zezan, pantaila erraldoian eta kalitate handian proiektatu ahalko bilirakete.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala