partekatu
• ENPRESETARAKO DIRULAGUNTZAK
Urriaren 31n amaituko da Lasarte-Orian negozio txikiak sortzeko laguntzak eskatzeko epea
40.000 euroko aurrekontua duen deialdia 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean udalerrian merkataritzaren, ostalaritzaren edo zerbitzu pertsonalen arloko negozio bat abian jarri dutenei zuzenduta dago.
Lasarte-Orian negozio txikiak sortzeko laguntzak eskatzeko epea azken egunetan sartu da. Udalerrian merkataritzaren, ostalaritzaren edo zerbitzu pertsonalen arloko jarduera bat abian jarri dutenek urriaren 31ra arteko epea dute eskaera aurkezteko. Udalak sustatutako programak 40.000 euroko aurrekontua du, eta tokiko ekintzailetza bultzatzea, establezimendu berriak irekitzea erraztea eta hurbileko merkataritzari eta zerbitzuei eusten laguntzea du helburu.
Deialdia 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean jarduera hasi duten pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduta dago, betiere oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Dirulaguntzak itzuli beharrik gabekoak dira, eta zenbatekoa negozioaren kokapenaren araberakoa izango da.
Hala, udalerriaren erdigunean dauden establezimenduek diruz lagundu daitezkeen gastuen % 60 jaso dezakete, gehienez 1.500 euro, eta erdigunetik kanpo daudenek, berriz, % 80, gehienez 1.800 euro. Azken laguntza mota horren barruan sartzen dira, halaber, titularren erretiroagatik edo antzeko arrazoiengatik jarraipena arriskuan duten negozioei eusten dieten pertsonak.
Programak, gainera, 500 euroko laguntza osagarriak aurreikusten ditu kolektibo jakin batzuentzat, besteak beste, emakumeentzat, gazteentzat, iraupen luzeko langabeentzat eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzat. Coworking guneetara sartzeko eta enpresa ideia berriak garatzeko laguntzak ere eskaintzen dira: 600 euro gehienez sei hilabetez, eta beste 600 euro jasotzeko aukera, proiektua negozio bihurtzen bada. Era berean, ekintzaileek Beterri-Buruntza Mankomunitatearen laguntza jaso dezakete bideragarritasun plan bat egiteko.
Eskaerak nola aurkeztu
Interesdunek udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxeko Erregistro Orokorrean aurrez aurre aurkez ditzakete eskaerak. Erregistroa Okendo plazako 1. zenbakian dago, eta aurrez aurreko arreta astelehenetik ostiralera eskaintzen da, 09:00etatik 14:00etara. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 943 376 055 telefono zenbakira deituta.
Deialdiaren oinarri guztiak, baita laguntzak eskatzeko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere, udalaren webgunean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeandaude eskuragarri.