Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   EMAKUMEEN ETXEA

Emakumeen Etxeak udazken-neguko programazioa aurkeztu du, hogeita hamar proposamen eta laguntza-zerbitzu baino gehiagorekin

Doako jardueretarako izen-emateak eta ikastaroen aurrematrikula irailaren 7an irekiko dira.

1. argazkia

Lasarte-Oriako Emakumeen Etxeak berriro irekiko ditu ateak uda ostean, programazio zabal batekin, udalerriko emakumeen ahalduntzea, prestakuntza, topaketa eta parte-hartzea bultzatzen jarraitzeko helburuarekin. Agustín Valdivia Calvo alkateak, Lourdes Acevedo Beldarrain Gizarte Zerbitzuetako, Lankidetzako eta Berdintasuneko zinegotziak eta Maite Iglesias Sánchez Emakumeen Etxeko koordinatzaileak gaur goizean aurkeztu dute 2026-2027 udazken-negu denboraldiari dagokion eskaintza.

Programazio berriak Emakumeen Etxea Lasarte-Orian erreferentziazko espazio bihurtu duen filosofiari eusten dio: berdintasuna, ahalduntze indibidual eta kolektiboa eta emakumeen arteko sareen sorrera sustatzen dituen leku ireki, plural eta parte-hartzailea, errealitatea ikuspegi kritiko eta feministatik aztertzeko tresnak eskaintzeaz gain.

Aurkezpenean, Agustin Valdivia alkateak nabarmendu zuenez, "Emakumeen Etxea eraikin bat baino askoz gehiago da; errealitatea ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik aztertzeko tresnak eskaintzen duen espazio bizia da. Gure udalerriko emakume askoren benetako beharrei erantzuten dien udal baliabidea da".

Lourdes Acevedo zinegotziak, bere aldetik, honakoa azpimarratu zuen: "Emakumearen Etxea topagune irekia, askotarikoa eta kultura anitzekoa da, eta aurkezten dugun eskaintza honekin ere, estrategia eta aliantza feministak hausnartu, eztabaidatu ikasi, sortu eta indartzen jarraitu nahi ditugu. Alkateak aipatu duen bezala, tailer asko herriko emakumeek beraiek egindako eskariagatik egiten dira, beren beharrei horrela erantzunez.”.

Maite Iglesias Emakumeen Etxeko koordinatzaileak azaldu zuenez, programazioa lau esparru nagusitan egituratzen da berriro: Jabekuntza Eskola, ohiko saioak, aholkularitza zerbitzuak eta ahalduntze taldeak. "Gure helburua elkartzeko eta ikasteko espazio seguruak eskaintzen jarraitzea da, eta, aldi berean, emakumeei bizitzako une ezberdinetan laguntzen dieten zerbitzu espezializatuak indartzea", adierazi zuen.

Programazio zabala eta anitza

Jabetze Eskolaren eta ohiko saioen barruan doako 21 jarduera izango dira guztira, askotariko proposamenekin: mindfulness eta emozioen kudeaketa, amatasun feministak, gorputz adierazpena eta ahalduntzea, autozainketa, autodefentsa feminista, coachinga, umore feminista, etxeko konponketa tailerrak.

Ordainpeko zortzi ikastaro gehitu behar zaizkio horri: hipopresiboak, yoga, taichia, sorkuntza laborategia eta inprobisazio eta antzerki sorkuntza tailerra, besteak beste.

Programazioa aholkularitza juridiko, psikologiko eta sexologikoko zerbitzu iraunkorrek osatzen dute, baita emakume zaintzaileei zuzendutako jabekuntza-taldeek eta Empalabramiento programa ere, emakumeak banaka eta taldean ahalduntzeko eta herritar gisa dituzten eskubideez eta gaitasunez jabetzeko gaztelaniazko eskolak, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak errazteko lagunduko dizkietenak.

Izen-emateak irailaren 7tik Aurrera

Doako jarduerek irailaren 7tik 25era irekiko dute izena emateko epea, udalaren webgunean eskuragarri dagoen formulario baten bidez edo Emakumeen Etxean bertan. Eskariak plaza kopurua gainditzen badu, esleipena zozketa bidez egingo da irailaren 28an.

Ordainpeko ikastaroen kasuan, aurrematrikula irailaren 7tik 14ra egin ahal izango da, eta onartutakoentzako behin betiko matrikula, berriz, irailaren 21etik 25era.

Udalak Lasarte-Oriako emakumeak animatu nahi ditu programazioa ezagutzera eta prestakuntza, ongizatea, kultura, sormena eta akonpainamendu espezializatua uztartzen dituen eskaintza batean parte hartzera, Emakumeen Etxea berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko udal espazio nagusietako bat bezala sendotuz.

INFORMAZIO ERLAZIONATUA