Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   EUSKARA

Euskararen erabilera indartzeko hitzarmenak sinatu dira guraso-elkarteekin

Udalak 65.000 ¤ hitzartu ditu ikastetxeetako guraso-elkarteekin haur eta gazteek euskara gehiago erabil dezaten laguntzeko. 2019-20 ikasturterako lankidetza hitzarmen bana sinatu du herriko hiru ikastetxeetako guraso-elkarteekin.

1. argazkia

Udalaren izenean, Jesús Zaballos alkateak eta Euskarako Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik hitzarmen hauen garrantzia azpimarratu zuten, bai jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik, baina, batez ere, hitzartutakoaren bidez eragile guztiek saretuta eta adostasunean lanean aritzeak suposatzen duenagatik.

Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak eta hiru ikastetxeek elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. Ez da soilik programa batzuk egiteagatiko diru-laguntza emate soil bat. Filosofia horrekin ari dira elkarlanean erakunde guztiak eta urrats honek berretsi besterik ez dute egiten harreman-modu hori.

Burunzpe

Udalak eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso-elkarteko ordezkaria den Maria José Martínek 12.616,68 euroko hitzarmena sinatu dute eta diru-laguntza horren truke ikastetxeak hainbat egitasmo eraman ahal izango ditu aurrera. Hasteko eta behin, gurasoentzako euskara-eskolak eskainiko ditu ikastetxeak. Bestalde, jolas-garaietan euskara gehiago erabiltzeko programa abian jarriko du lehendabiziko aldiz eta Hezitzaileek asko egin dezakete programaren bidez eskola-orduz kanpoko jardueretan diharduten monitoreak prestatuko dituzte, haurren erabilera ahalik eta gehien optimiza dezaten.

Horretaz gain, euskarazko aldizkarien irakurzaletasuna eta Esazu aldizkaria bera ere egingo dituzte eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin “Gu ere bertsotan” programa gauzatzen jarraitzeaz gain, 6. mailako gaztetxoekin bertso-eskola talde batekin sortzeko ahalegina ere egingo dute.

Landaberri

Landaberriren kasuan, Euskara Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik jakinarazi zuenez, hitzartutako kopurua 22.803,91 eurokoa da eta elkarteko lehendakaria den Ana Agirrek azaldu zuenez, diru-kopuru horrekin Burunzpe ikastetxearen antzeko programak garatuko dituzte: gurasoentzako euskara-eskolak, Hezitzaileek asko egin dezakete monitoreekin, euskarazko aldizkarien irakurzaletasuna eta Irrintzi aldizkaria.

Horretaz gain, Pertsonaia ezagunak ekarriko dituzte ikastetxera eta Hitz Biltzailea izeneko egitasmo berria jarri nahi dute abian eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin “Gu ere bertsotan” programa gauzatzen jarraitzeaz gain, 6. mailako gaztetxoekin, iaz bezala, bertso-eskolako bi talde antolatu nahi dituzte.

Oriaratekide

Oriartekideren izenean, elkarteko lehendakaria den Arantxa Otaegik sinatu du 29.688,50 euroko hitzarmena eta adierazi du zatirik handiena ikasmaila guztietako ikasgela guztietan landuko duten Elemeleka programa garatzeko erabiliko dutela. Programa horren bidez, gaztetxoen hizkuntza-ohiturak lantzeko estrategiak diseinatzen dira, iaz nerabeekin landutako Euskaraldian erabilitako metodologia tartean dela.

Horretaz gain, gazten euskara-batzorde bat sustatuko dute eta pertsonaia ezagunak ekartzeko programarekin eta Gaztezulo aldizkariaren irakurzaletasuna sustatzeko programarekin ere jarraituko dute. Azkenik, iaz hain arrakastatsu bihurtu zen bertso-eskolarekin jarraituko dute eta sei talde osatzeko ahalegina egingo dute.

 

Iturria: Lasarte-Oriako Udala