partekatu
• KATALOGOA
Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria etxeetara bidali du Udalak haur eta gazteentzako ehunka produkturekin
www.katalogoa.eus web-orriak 10.000 euskerazko produktu baino gehiagoren erreferentziak ditu dagoeneko haur eta gazteentzako ehunka produkturekin.
Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari den Jon Antxordokik adierazi du urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dutela, beste urte batez —aurtengoa 21. edizioa da— eta 16 urtez azpiko haur eta gaztetxo bat bizi den etxe guztietara bidali dutela.
Bai web-orriak zein paperezko edizioak, biak ere itxura berriak estreinatu dituzte eta bi atal nagusitan antolatuak daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea.
Paperezko edizioak 100.000 ale
Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 100.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, aurten ere bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen berri honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen www.katalogoa.eus web-orrian jasota dauden 2019ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.
Maiz eguneratzen den web-orria milaka produkturen erreferentziekin eta, erosi nahi izanezgero, argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukerarekin
www.katalogoa.eus maiztasunez eguneratzen den web-orria da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, finean, jasotako produktuen kopurua etengabe hazten ari da. Dagoeneko 10.000 produktu baino gehiago biltzen ditu 2 atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, www.katalogoa.eus web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen edota argitalpen-dataren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean,erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.
Nobedadeen segimendua sare sozialen bitartez edota buletin elektronikora harpidetuz
Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera izango dute. Gainera, www.katalogoa.eus web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin. Azken finean, horixe baita www.katalogoa.eus n helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala