Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   EUSKAL JAIA

Euskal Jaiak egun osoko egitaraua aurkeztu du larunbaterako

Goizeko 10:00etan dianak iragarriko du, eta, Gozategiren kontzertuarekin, Okendon 21:00etan, amaituko da. Lasarte-Oriako Udalak esker oneko hitzak izan ditu herriko eragileentzat egitaraua osatzeko izan duten inplikazioagatik.

1 / 2
1. argazkia

Larunbatean, urriak 18, Euskal Jaia ospatuko da Lasarte-Orian, eta, goizean egindako prentsaurrekoan, antolatzaileek egitarau osoa aurkeztu dute. Aurkezpen prentsaurrekoan Agustin Valdivia (alkatea), Estitxu Alkorta (Euskara saileko zinegotzia) eta Arkaitz Illarramendi (Ttakun Kultur Elkartea) izan dira.

Agustin Valdivia, alkateak, adierazi du “Urriaren 18an Euskal jaia iragartzeko uztailean egindako prentsaurrekoan adierazi genuen bezala, Euskal jaiaren helburua argia da: Euskal Jaia errotzea eta lasarteoriatarren agendan erreferentziazko hitzordua bihurtzea da, eta, horretarako, ezinbestekoa dugu lankidetza eta herriko eragileen partaidetza.

Hori horrela, Euskal Jaia Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatu dugu elkarlanean, herriko eragileen parte-hartzearekin. Horrexegatik, hain zuzen, herriko eragileek antolakuntzan eta egitarauan izan duten jarrera eta partehartzea azpimarratu nahi nituzke. Oso eskertuta gaude, eta, neurri handi batean, gaur aurkezten ari garen egun osoko egitarau osatzeko ezinbestekoak izan dira.

Zentzu horretan, pozik daude emaitzarekin. Modu batean edo bestean, eragileen parte-hartzea handia izan delako: Lasarte-Oriako Txistulari Taldea, Pontxo eta Tomax txalapartariak, Xumela, Intza Pilota Elkartea, Telleria harri-jasotzaileak, Landaberri eta Sasoeta ikastetxeak, Ostadar SKT, Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoi Taldea, Tirrika Tarraka, Earra Bertso Eskola, Erketz E.D.T, Plaza-dantza taldea eta Oaintxe in deu! Txaranga, besteak beste”.

Hamabi orduko egitaraua

Hamasei hitzordu aurkeztu dituzte egitarauarekin batera (ikus egitaraua). Musika, kirola, dantza, bakarrizketa, bazkari-herrikoia, erraldoien konpartsa… askotariko jarduerak izango dira. Estitxu Alkorta, Euskara Saileko zinegotziaren esanetan, “adin-tarte eta publiko zabalari zuzendutako jarduerak antolatu ditugu, herritarren partehartzea bultzatu nahi dugulako. Eta herritarrak animatu nahi ditugu antolatutako jardueretan parte-hartzera, eta, noski, baserritarrez jantzita bada, askoz hobeto”. Hamabi orduko egitarau “erakargarria” ondu dutela nabarmendu dute agerraldian.

Estitxuren hitzetan “Herriko eragileek nortasuna emango diote Euskal Jaiari, eta, horretaz gain, honakoak izango ditugu: Dinaguren azoka (Okendo plazan, 11:00-14:00 artean) Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizleen 25 postu inguru, herriko sortzaileen presentziarekin batera; harri-jasotzaileak Okerra harriarekin egingo duten erakustaldia; Mikel Bermejoren bakarrizketak edota Gozategiren kontzertuak egunari amaiera emango dio”.

Euskal Jaiak, ordea, ez du ospakizun festa batera mugatu nahi. Euskal nortasuna, kultura eta gure hizkuntza, euskara, sustatzeko helburuarekin dator ere. Hor kokatzen da eguerdian, 14:00etatik aurrera, herriko euskara eragileak omentzeko Okendon egingo den aitortza ekitaldia, hain zuzen ere.

Estitxuk adierazi zuen “Guztion ardura da euskara sustatzea eta indartzea. Guri, Udalari, dagokigu baliabideak eskaintzea. Baina argi daukagu aurrera urratsa emateko, erabileran dagoela gakoa. Eta hor ardura partekatua da. Erabilerarena norbanakoen ardura eta hautua da, baina, herriko eragileek bere eguneroko jardunean euskararen alde erakusten duten jarrerak, txanpona alde batera edo bestera erortzea eragiten du. Hemendik euskararen aldeko hautua egiten animatzen ditugu herritarrak, eta, baita herriko elkarteak ere.

Zentzu horretan, Euskal Jaian zehar, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest txapak berreskuratzera animatu ditugu. Eta, Euskal Jaiaren irudiarekin sortu diren merchandising produktuak saltzeko azokan jarriko den mahaian, txapak banatuko dira.

Bazkaritarako txartelak, salgai

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, antolatzaileek gogorarazi dute herri-bazkarirako txartelak salgai daudela. Ttakun Kultur elkarteko ordezkariak, Arkaitz Illarramendik azaldu du “Ttakun Kultur Elkartearen bulegoan eskura daitezke (9:00-13:00 eta 16:00-18:00), 30 €ko prezioan. Bazkaria Askatasunaren plazan izango da, 14:30ean. Menua, berriz, honakoa: entsalada, arkumea eta postrea. Jatekoa bustitzeko, berriz, ura, sagardoa eta ardo beltza. Zikiro-jana 100 lagunentzako prestatu da. Beraz, interesa izanez gero, lehenbailehen eros itzazue txartelak.”

Era berean, gogorarazi du “haurrentzako menu berezirik ez dela egongo, baina, antolakuntzak mahaiak jarriko dituela Askatasunaren plazan bertan haurrei bazkaria emateko. Ondorioz, gurasoen ardura izango da janaria eramatea”.

Egitaraua eta xehetasunak azalduta, ValdiviakAlkortak eta Illarramendik parte-hartzeko deialdia luzatu dute: “Animatu guztiak Euskal Jaian parte hartzera!”.

Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala