partekatu
• BONUEN KANPAINA
Lasarte-Oria tokiko kontsumoa sustatzeko bonuen kanpaina berria abiatu du
Urriaren 7tik azaroaren 3ra bitartean, Lasarte-Oriako bizilagunek beherapenak izango diturzte atxikitako establezimenduetan, 100.000 euroko udal inbertsioari eske.
Lasarte-Oriako Udalak bonuen kanpaina berri bat jarri du abian, tokiko kontsumoa sustatzeko eta udalerriko saltokiei, ostalaritza-establezimenduei eta zerbitzu pertsonalei laguntzeko. 100.000 euroko aurrekontua duen ekimen hau urriaren 7tik azaroaren 3ra egongo da martxan.
Bonuak erosteko epea
Lasarte-Orian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek urriaren 7tik 31ra bitartean eskuratu ahal izango dituzte bonuak. Bonu bakoitzak 10 euroko balioa du, eta erosleak 5 euro baino ez ditu ordainduko, Udalak gainerako 5 euroak diruz lagunduko baititu. Pertsona bakoitzak gehienez 10 bonu eskuratu ahal izango ditu, eta, horri esker, guztira 100 euro izango dituzte tokiko establezimenduetan gastatzeko, soilik 50 euro ordainduta.
Bonuak erreserbatzeko eta erabiltzeko prozesua
Bonuen erreserba plataformaren bidez egingo da www.lasarteoriabonoak.eus. Webgune honetan, erabiltzaileek aukeratu ahal izango dute zein establezimendutan erabili nahi dituzten bonuak. Garrantzitsua da azpimarratzea plataforman ez dela ordainketarik egingo.
Erreserbatutako bonuak zuzenean trukatuko dira aukeratutako establezimenduan, eta bezeroak 5 euro baino ez ditu ordainduko 10 euroko bonu bakoitzeko. Gainera, erosketa edo kontsumo bakoitzean, gehienez ere 6 bonu trukatu ahal izango dira pertsona bakoitzeko, establezimendu berean egiten diren erosketen edo kontsumoen kopuruan inolako mugarik izan gabe.
Baliabide informatikorik ez dutenentzako erraztasunak
Udalak pentsatu du, halaber, baliabide digitaletarako sarbiderik ez duten pertsonengan edo horiek erabiliz eroso sentitzen ez direnengan. Horientzat, Villa Mirentxun erosketa lagundurako zerbitzua jarri da, bonuak aurrez aurre eskuratu ahal izateko. Zerbitzu hau astelehenetik ostiralera egongo da erabilgarri, lanegunetan, 9:00etatik 17:00etara, baldin eta bonurik badago.
Tokiko kontsumorako bultzada
Nuria Fernández Sozioekonomia Arloko zinegotziak kanpaina honen garrantzia azpimarratu du tokiko ekonomia bultzatzeko. "Tokiko kontsumoa sustatu nahi dugu, gure merkatariei, ostalaritza-enpresei eta zerbitzu pertsonalei lagunduz, urteko sasoi honetan agian kontsumoak behera egingo baitu beste sasoi batzuekin alderatuta. Kanpaina honekin, denok irabazle ateratzen gara.", adierazi du.
Guztira, tokiko 59 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, honela banatuta:
- 36 saltoki,
- 5 ostalaritza-establezimendu,
- 18 zerbitzu pertsonal.
Kanpainaren itxiera
Azaroaren 3an amaituko da kanpaina, eta egun horretara arteko epea izango dute herritarrek erositako bonuak erabiltzeko. Udalak egoiliar guztiak animatu nahi ditu ekimen honetan parte hartzera; izan ere, produktuak eta zerbitzuak prezio murriztuetan lortzeko aukera emateaz gain, Lasarte-Oriako ongizate ekonomikoari laguntzeko aukera ere emango die.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu web orria www.lasarteoriabonoak.eus edo joan Villa Mirentxuko erosketa lagundurako gunera.