Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   MEMORIAREN EGUNA

Lasarte-Oriak indarkeria politikoaren biktimak oroitzeko Memoriaren Eguna ospatu du

Ekitaldiaren buru Lasarte-Oriako alkatea aritu da, Udalbatzako kideekin batera. Adierazpen instituzionala irakurri ondoren, minutu bateko isilunea egin da eta arrosa zuriak jarri dira biktimen oroimenez. Ekitaldian Lasarte-Oriako Bizikidetzaren Taldeko kideek parte hartu dute.

Lasarte-Oriako Udalak Memoriaren Eguna ospatu du aurten ere, udal-talde guztien artean adostutako adierazpen instituzional bat irakurriz. Aurten ere Lasarte-Oriako Bizikidetzaren Taldea batu da.

Ekitaldian, gure udalerrian indarkeria politikoak eragindako hildakoen panelak ikusi ahal izan dira.

Lasarte-Oriako alkatea, Agustin Valdivia, adierazpen instituzionala irakurtzearekin hasi da. Horren ostean, minutu batzuetako isilunea egin dute, eta, ondoren, arrosa zuriak jarri dituzte biktimen oroimenez. Ekitaldia Lourdes Iriondoren Askatasuna zertarako? abestia kantatuz amaitu da.

Hona hemen adierazpen instituzionalaren testua:

Urtero egin ohi dugun moduan, Lasarte-Oriako bizikidetza mahaiko kideek memoriaren egunarekin bat egin nahi dugu, motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz, giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu mota batzuk jasan dituzten pertsona guztiei gure elkartasuna adierazteko. Aurten ere, sufrimendu mota guztiak aitortzeko dugun borondatea berretsi nahi dugu eta biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu. Alderdikeriak alde batera utziz  eta giza eskubideekiko eta pairatutako minarekiko erabateko errespetua adieraziz. Udaleko bizikidetza mahaitik, gure iraganera begiratzeko bide partekatu bat egiten jarraitzen dugu, modu diskretuan eta mahaiko kide bakoitzak dituen bizipenak, ikuspuntuak eta erritmoak errespetatuz. Bidea batzuetan malkartsua bada ere eta emandako pausoak nahi baino motelagoak, hartutako erabakiak eta emandako pauso horiek elkarlanean eta adostasunean ematen ditugu, egiten duguna benetan sinetsiz.

Gaurko egunean herritar taldeko kideak batu zaizkigu aitortzara, beraien zigilu pertsonala jarriz eta euren aportazio berezia eginez. Herritar taldea motorretako bat izan da herriko bizikidetzan, biktimekin eta motibazio politikoaren ondorioz sufrimendu desberdinak pairatu dituzten “bizilagunekin” gauzatu duten lanketa baliagarriagatik. Beraz, Udaleko bizikidetza mahaiko kide guztion aldetik milesker!

Bukatzeko, aurten bereziki, desberdinen arteko elkarrizketa espazioen garrantzia azpimarratu nahi dugu, partekatzeko eta batez ere enpatiaz entzuteko espazioen boterea aldarrikatuz. Biktimen, sufritu duten pertsonen, eta herriko “bizilagunen” arteko elkarrizketarako espazio seguruak ezinbestekoak dira gure iraganera begiratu, gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak eta sufrimenduak mahai gainean jarri eta irakurketa partekatu bat egiteko. Giza eskubideen markoa oinarri hartuz eta herriko pertsona desberdinen testigantzei bere lekua emanez. Izan ere zenbakien atzean, pertsonak baitaude, euren bizipen pertsonalekin, gertatutakoa gainditu eta bizitzan aurrera egiten saiatzen ari diren pertsonak. Gizarte moduan aurrera egin nahi badugu eta iraganean gertatutakoaz ikasi, hitz egin behar dugu, elkar entzun eta elkar ulertzen saiatu, nahiz eta ehuneko ehunean ados ez egon bestearekin. Isiltasuna nagusi izan da urte askotan gure herrian, gizartea polarizatua bizi izan da eta sufritu duten pertsonekiko enpatia falta nabarmena izan da.  Horregatik hitz egin dezagun, elkarri entzun, momenturen batean, bestearen errelatoan topo egingo dugu eta.