partekatu
• OPORRAK BAKEAN
Lasarte-Oriako Udalak Oporrak Bakean programaren harrera prozesua abian jarri du Saharako herriaren larrialdi sozialaren aurrean
Udalak berretsi egin du saharar auziarekiko konpromiso historikoa, eta udalerriko familiei dei egin die ekimen solidario horretan parte har dezaten.
Lasarte-Oriako Udalak Oporrak Bakean programaren edizio berri baterako prozesua martxan jarri du. Ekimen solidario horri esker, errefuxiatuen kanpalekuetatik datozen haur sahararrek aukera izango dute udako hilabeteak udalerrian pasatzeko, duela hamarkada batzuetatik luzatzen den gatazka baten ondoriozko bizi-baldintza gogorretatik urrun.
Prozesu berri hau Udal Gobernuak saharar herriarekin eta, bereziki, milaka familia errefuxiatuk Aljeriako basamortuko kanpalekuetan pairatzen duten larrialdi sozial eta humanitarioarekin duen konpromiso irmoan oinarritzen da. Testuinguru honetan, Udalak eginkizun aktiboa hartzen du programaren koordinazio eta garapenean, horretarako Tolosaldean egoitza duen Tosaldea Sahararekin GKE elkarte esperientziadun baten laguntza teknikoa eta lankidetza izanik.
Oporrak Bakean programak aukera ematen die adingabeei udan bizi-baldintza duinak izateko, osasun-azterketa orokorrak egiteko eta haien osasun- eta nutrizio-egoera hobetzeko. Horrez gain, bizikidetza-esperientzia bat bizi dute, solidaritatearen, kulturen arteko bizikidetzaren eta konpromiso sozialaren balioak indartzen dituena.
Lasarte-Oriako Udalak dei egiten die herriko familiei harrera familia gisa parte hartzeko aukerari buruz informatu eta baloratu dezaten. Lan hori errazteko, Udalak hainbat udal-baliabide eta -zerbitzu jartzen ditu familien eskura, hala nola laguntza ekonomikoa, prozesu osoan zehar laguntzea eta udako jardueretan parte hartzea, hala nola udal-txokoetan, igeriketa-ikastaroetan eta eskualdeko beste haur saharar batzuekin partekatutako aisialdi-proposamenetan.
Horrez gain, beharrezko informazio guztia eskaintzeko eta zalantzak argitzeko asmoz, herritarrei irekitako bilera informatiboa egingo da otsailaren 10ean, asteartean, 18:00etan, Mercero gunean, programaren xehetasunak eta harrera prozesua azaltzeko. Joateak ez du esan nahi aldez aurretik inolako konpromisorik hartu behar denik.
Ekimen honen bidez, Lasarte-Oriako Udalak nazioarteko elkartasuna eta giza eskubideen defentsa bere ekintza publikoaren erdigunean kokatzen ditu berriro ere, erakundeen erantzun sendo eta iraunkorrak eskatzen jarraitzen duen errealitate batekiko inplikazioa berretsiz.
- Informazio gehiagorako kontaktua: Eli Eizagirre | 696 01 47 86
- Izen-emateak: www.oporrakbakean.eus
Hainbat mailatan koordinatutako programa
Oporrak Bakean programa hainbat erakunde eta eragileren arteko koordinazioaren bidez egituratzen da, eta horietako bakoitzak argi eta garbi zehaztutako funtzioak ditu. Horri esker, programan parte hartzen duten adingabeen ongizatea eta harrera-prozesua behar bezala garatzea bermatzen da.
Arlo instituzionalean, Fronte Polisarioak Euskadin duen Ordezkaritzak solaskide gisa jarduten du Saharako agintarien eta euskal erakundeen artean, eta agintaritza horiek Euskadin duten ordezkaritza ofiziala gauzatzen du, programaren koordinazio orokorra erraztuz.
Bestalde, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) Gazteria Ministerioak kudeatzen du errefuxiatuen kanpalekuetako Oporrak Bakean programa. Bertatik, parte hartzen duten adin txikikoen hautaketa eta jarraipena egiten da, euren familia biologikoekin harreman zuzena eta iraunkorra mantenduz.
Familia sahararrek modu guztiz boluntarioan hartzen dute parte programan, eta beren seme-alabak udako hilabeteetan Euskadira joatea onartzen dute, haien osasun-egoera, elikadura eta bizi-kalitatea hobetzeko, babes- eta zaintza-testuinguru batean.
Lankidetza-egitura horri esker, Lasarte-Oriako Udalak bultzatutakoa bezalako ekimenak bermeekin garatzen dira, Saharako errefuxiatuek bizi duten gizarte-larrialdiko egoeraren aurrean erantzun solidarioa eta antolatua indartuz.