partekatu
• LASARTE-ORIA
Lasarte-Oriako udalerriak 37 urte bete ditu
Gaur dela 37 urte, 1986ko otsailaren 15ean, Brigitarren komentuko kaperan, hurrengo udal-hauteskundeetara arte udal berriaren lehen urratsak zuzenduko zituen Batzorde Kudeatzailea eratzeko udalbatzarra egin zen. Batzorde Kudeatzailea Ana Urchueguía sozialistaren lehendakaritzapean geratu zen.
Urteurren hori ospatzearen kariaz, Lasarte-Oriako bandera udaletxe zaharreko balkoian jarria egongo da egun osoan.
Ekitaldi horrekin betetzen zen lasarteoriatarren aspaldidaniko nahi bat, udalerri independente bat izatekoa. Idazkari gisa Juan de Benitok jardunez, eta Andoaingo, Hernaniko eta Urnietako segregazioen onespenaren kontu emanda, Batzorde Kudeatzaileko kide bozdunak izendatzeari ekin zitzaion. Hauexek izan ziren:
- PSE (PSOE) alderditik: Ana Urchueguía, Antonio Herranz, Froilán Elespe, Ángel Barrera, José Luis López, José Mª Urdampilleta, Martín Moreno eta Ramón López.
- EAJ-PNV alderditik: Juan Ignacio Izeta, Pedro Sasiain, Juan José Yarza, Pedro Mª Illarreta eta Pedro Ormazabal.
- HB alderditik: Victorio Herrera, Jesús Agirretxe, Ignacio Eskisabel
- EE alderditik: Marisa Martín.
Talde bakoitzak hitza hartu ondoren, PSE-EEk hautagai bakarra aurkeztu zuen Batzorde Kudeatzaileko lehendakari izateko, eta, bozketa eginda, Ana Urchueguía atera zen hautatua Lasarte-Oriako Batzorde Kudeatzaileko lehendakari gisa.
Lasarte-Oriak, mendeetan horretan ahalegindu ondoren, horrela lortu zuen bere independentzia irrikatua. Ordutik, lau alkate izan ditu: Ana Urchueguía, Jesus Zaballos, Pablo Barrio eta Agustin Valdivia.