partekatu
• SANPEDRO JAIAK
Makelur antzerki-taldea omenduko da aurtengo San Pedro jaietan
Txupinazoa bota eta jaien hasierako pregoia egingo dute.
Agustin Valdivia alkateak eta Txus Alonso jaietako zinegotziak aurtengo omendua eman zuten ezagutzera, Makelur antzerki-talde amateurra, talde hori atera baitzen hautatua aurrera eramandako partaidetza-prozesuan herritarrek egindako 19 proposamenen artean.
Gaur egun adin ezberdinetako 14 emakumek osatzen dute taldea (83 urte ditu zaharrenak eta 48 gazteenak), eta izendapenak ezustean harrapatu ditu, ez baitzuten imajinatzen txupinazoa botatzeaz eta jaien hasierako pregoia esateaz arduratuko zirenik. Barre artean aitortu zuten hasieran txantxa bat zela uste zutela, baina ohore hori emozio, ilusio eta poztasun handiz jaso dute.
Gaur egun 14 kide dira, baina aitormen hau urte hauetan beren taldekide izan dituzten guztiei zabaldu nahi diete. Aitormen instituzionala Kulturetxean egingo da hilaren 29an, larunbatarekin, 13:00etan.
MAKELUR
Antzerki-taldearen hasiera orain 18 bat urte izan zen. Orduan, taldeko kide batzuek garai hartan Zentro Zibikoak (gaur egun Emakumeen Zentroa denak) antolatzen zuen interpretazio-tailer batean eman zuten izena.
Urte batzuen ondoren, taldeari izena jartzea erabaki zuten. Kideen inizialekin arbel batean jokatuz, Makelur jaio zen.
María Aguirre, terapeuta eta aktorea, taldeko zuzendaria da eta 15 urte daramatza batutarekin. Onartzen du ez dela inoiz testu idatzien aktorea izan, eta inprobisazioa gustatzen zaiola, hori baliatzen baitu jolasekin batera esan nahi denari forma emanez joateko.
Haien lanak, feminismoarekin erlazionatuak eta beti umore-ukitu batekin, osorik berek asmatuak eta prestatuak dira. Normalean, urtebete behar izaten dute obra bat prestatzeko: istorioa bilatu, pertsonaiak asmatu, gidoia egin, etab. Hala ere, aitortzen dute batzuetan ideia batekin hasten direla baina aurrera egin ahala istorioak beste norabait jotzen duela. Haien lanen ezaugarria da beti errebindikatzaileak direla emakumearen inguruan.
Astean bi orduz biltzen dira, baina estreinaldia dagoenean askoz gehiago entseatzen dute.
Taldeko kideek nabarmendu dute ez direla bakarrik antzerkiko klaseak, baizik eta barre-terapiako saioak ere badirela, psikologia, laguntasuna.... Denak bat datoz esatean zuzendariak, Mariak, "barruan daramazun guztia ateratzea lortzen duela. Ona, txarra, dena." "Harrapatzen zaituen talde bat da."
Txus Alonsok honela zioen: "antzezlanen eta lan handiaren atzean familia handi bat dago, denean elkar babesten dutena."
Valdiviak, berriz, honako hau adierazi zuen: "Bere antzezlanei eman ohi dieten umore-puntu batetik, denek jorratzen dituzte gai feministak, eta pentsarazteko modukoak dira. Baina ez hori bakarrik, astean behin taldean biltzen diren emakume hauek antzerkiaren bidez barruan duten guztia ateratzen dute, beren ametsak, irrikak, beldurrak... eta antzerkiarekin sentimendu horiek guztiak bideratzen dituzte."