partekatu
• MARTXOAREN 8a
Martxoaren 8a dela eta, kartel lehiaketaren sariak
Nahia Sáez de Maturana eta Lucia González Infanteren lana izango da 2027ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak iragartzeko irudia.
Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Emakumearen zentroak antolatutako kartel lehiaketaren sari banaketa ekitaldia hartu du astearte honetan, martxoaren 10ean.
Bertan parte hartu zuten Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia Calvok, Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko, Garapenerako Lankidetzako eta Osasuneko zinegotzi Lourdes Acevedo Beldarrainek eta Emakumearen Zentroko koordinatzaile Maite Iglesias Sánchezek. Sari-banaketan, gainera, sarituen senideak eta lagunak ere izan ziren.
Edizio honetan 19 lan aurkeztu dira. Proposamenak baloratzeko hainbat irizpide hartu dira kontuan, besteak beste, kalitate teknikoa eta artistikoa, baita kartelen originaltasuna eta sormena ere.
Epaimahaiak arreta berezia jarri du emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko mezu positibo eta argiak jartzean esparru guztietan, emakumeen ahalduntzeari eta gizartea berdintasun-balioetan sentsibilizatzeari begira. Halaber, honako alderdi hauek baloratu dira: eskubide- eta aukera-berdintasunarekin lotutako balio positiboen transmisioa, familia-erantzunkidetasuna, hezkuntza ez-sexista eta berdintasunezkoa, berdintasunaren aldeko aktibismoa, emakumeen lorpenak, haien garapen profesionala eta gizartean duten presentzia, eta hizkera ez-sexista eta berdintasunezkoa erabiltzea.
Herritarrek ere iritzia eman ahal izan dute erakutsitako kartelen inguruan, eta balorazio hori hartu dute kontuan bigarren eta hirugarren sariak erabakitzeko. Kartel irabazlea berdintasuneko teknikariek eta profesional espezializatuek osatutako epaimahai batek aukeratu du.
Sariak honela banatu dira:
- Hirugarren saria (60 €): Itxaso Zabala Ugartemendiak eta Ane Herrera Carrascok egindako kartelarentzat.
- Bigarren saria (90 €): Yeray Rodríguez Martinek eta Daniel Valdés Rodriguezek egindako kartelarentzat.
- Lehenengo saria (120 €): Nahia Sáez de Maturanak eta Lucia González Infantek egindako kartelarentzat.
Kartel irabazlea, gainera, 2027ko martxoaren 8ko ekitaldiak Lasarte-Orian iragarriko dituen irudia izango da, sentsibilizaziorako udal kanpainaren eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programazioaren parte izanik.