partekatu
• HAUZOETAKO ESTALKIAK
Zabaleta-Berri eta Zataraingo parte hartze prozesuaren balorazio positiboa
Auzotarren parte hartzeak hobekuntzak eta galdera berriak bultzatzen ditu irekitako prozesuan.

Lasarte-Oriako Udalak oso positiboki baloratzen ditu joan den apirilaren 3an eta 9an Zabaleta-Berrin eta Zatarainen egin ziren bi parte-hartze jardunaldiak, bi auzoetako espazio publikoen estalkien ezaugarriak definitzeko bultzatutako parte-hartze prozesuaren barruan. Hala jakinarazi dute Agustin Valdivia alkateak eta Barne-erregimen, Herritarren Parte-hartze eta Gardentasun zinegotzi Nagore Duranek.
Agintaldi Planean jasotako ildo estrategikoekin bat eginez, herritarren parte-hartzea erdigunean jartzen duen ereduaren alde egiten du gobernu taldeak, erabakiak hartzeko orduan herritarren inplikazioa funtsezkoa dela ulertuta, udalerri demokratikoagoa, gertukoagoa eta herritarren benetako beharretara egokituagoa eraikitzeko. Entzutea, arreta jartzea eta, beharrezkoa denean, aldatzea konpromiso honen parte dira.
“Herritarrekin zuzenean hitz egiteak hobetu egiten ditu proiektuak, eta aberastu egiten du udalaren jarduna”, nabarmendu du Agustin Valdivia alkateak. “Benetan eskertzen dugu jardunaldi hauetan parte hartu duten pertsona guztien inplikazioa, haien ekarpenak ezinbestekoak direlako”.
Prozesu hauetan ohikoa den bezala, Udalak hasierako hainbat proposamen egin zituen eztabaida irekitzeko, baina auzokideen ekarpenak eta hausnarketak izan dira ideia horiek aberastuz eta moldatuz joan direnak. Elkarrizketa horren ondorioz, galdera berriak sartu dira parte hartzeko formularioan, saioetan jasotako kezkak eta iradokizunak kontuan hartuta.
Dagoeneko parte hartu dutenek berriro egin ahal izango dute formulario berria betez, eta azken ekarpen hori kontuan hartuko da. Era berean, parte hartzeko epea apirilaren 28ko 14:00ak arte luzatzea erabaki dute, jende gehiagok bere iritzia helarazteko aukera izan dezan.
Horrelako ekimenek proiektu zehatzak hobetzeko ez ezik, herritarrek erakundeetan duten konfiantza indartzeko ere balio dute. Proposamenak modu kolaboratiboan eraikitzeak espazio publikoekiko eta haien etorkizuneko erabilerarekiko identifikazio maila handiagoa bultzatzen du.
Udaletik azpimarratu dute parte hartzea ez dela jardunaldi hauekin bukatzen, etengabeko bide baten parte baizik. Herritarrekin elkarrizketarako aukera berriak irekitzeko lanean jarraituko da udalerriko hainbat eremu eta auzotan, eredu parte-hartzailea kudeaketa publikoan funtsezko tresna gisa indartuz.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala