partekatu
• ZERO SETTE
Zero Settek hiru urterako hitzarmena sinatu du Lasarte-Oriako Udalarekin
Agustín Valdivia alkateak eta Zero Sette Akordeoi Orkestrak sinatu dute bi entitateen arteko harremanak arautuko dituen hitzarmena. Aurten udalak 2.236 euro emango ditu urteko jarduerarako
.
Hauek dira hitzarmenak ezartzen dituen kopuruak: 2.236 euro 2021erako, 3.995 euro 2022rako eta 4.051 euro 2023rako. Horrez gain, udalak instalazio munizipalak dohainik utziko dizkio orkestrari bere jarduerak egin ditzan.
Era horretan, Zero Setteren lokala errentatzearen, musika-tresnak eta soinu-ekipoak mantentzearen eta urteko beste hainbat jardueraren kostuak pagatzen laguntzen du udalak. Ordainetan, Zero Settek honako ekitaldi hauetan parte hartzeko konpromisoa hartu du aurten: San Pedron eta Eguberrietako kontzertua Brigidasen.
Hitzarmen honen helburua udalerriko bizilagun-komunitateak dituen premiak edo interesak asetzen lagunduko duten interes publikoko jarduerak sustatzea eta babestea da, eta bereziki, akordeoiaren musika interpretazioa iraunaraziko dela bermatu nahi du.